2013/03/21

Amets Gautxoa

(Iñigo Medinari eskeinia)
 
Itakara bueltatzeko gogoak izango zituen Ulisesek, urtez eta urtez Pontosean barrena. Bere emazte jostuna, seme gaztea eta lagun mozkorti eta umoretsuak ez ezik, geografia malkartsua ere botako zuen faltan.

Hala gertatzen zait niri, zabal zein laua den Panpan, aberri urruneko mendi eta baiaren -eta bertan bizi diren adiskideen- herrimiÑa dudala. Eta ziur naiz hemen jaiotako euskaldunek ere bere zainetan sarturik dituztela mendi horiekiko nostalgiak. Otamendi, Mendigane, Etchemendy eta Mendoza abizenetan bezalaxe, jatorrian erroturik. Tontorretako elurrek, amildegietako haizeek eta Kantauri Itsasoko kresalak higatu baitute euskotarren izpiritua.

Agian, noizbait, Panpako eguraldi txarreko egun horietako baten, zeinean zeru garbiko horizontea bihurtzen den hodei-boluta trinkoz osatutako harresia, gautxo baten begiradak, txapel baten azpian, mendizerra malkartsu, elurtsu, amildegitsu eta kresaltsua altxatzen ikustea...

Atlantiko urdinaren bestaldean, leku zalantzagarri baten kokatuta dagoen Itaka amestuz.