2012/04/15

Edaten...

...egon naiz, ez zait ezer inporta, lagun batzuek barre egiten dizkidate txisteak, eta tabernako argiak gozo argiztatzen du gaua. Asko gustatzen zait nola egiten duzun dena, esan nion musika jartzen ari zen neskari, eta horrelako eroaldi batean hirekin ezkontzeko gauza naun. Begiratu zidan, triste, txiste bat zela pentsatzen zuelako, baina ni egitan ari nintzen. Eta benetan, mozkor egon arren asko gustatzen zait nola egiten duzun dena, atzamarretan senti dezaket triste zaudela gau honetan, eta horregatik ekarri dizut baso betea, topa dezagun arratsalde honetan, lagunak etxera joaten ez diren bitartean itxaropena dagoelako, ate hura zeharkatzen dugun unean badakizu dena bukatuko dela, gu ere ez garela gu izango. Eta mozkor egon arren, sinetsidazu ez dudala hemendik joan nahi, ez zaidala gustatzen kanpoko giro hotz eta umela, nahiago dut zure musika entzuten geratu, gau honetan, lagunak joaten ez diren bitartean.

Joshejulian Armendariz

1 iruzkin:

Maialen erabiltzaileak esan du...

Zerbeza batzuk edan ostean, ni ere maitemintzen naiz. Noizbait bost aldiz "enamoratu" eta "desenamoratu" izan naiz gaur bakar batean :)