2011/10/30

Isilunea

Isiluneak behar ditu gizonak eder izateko. Musika pieza ederrenetan ematen den gisan (non isiluneak ezinbestekoak diren on izateko), bizitzak ere, artelan bat besterik ez baita (ederra edo zatarra, Nietzscherengandik ikasi dugun lez), hori ere behar du eder izateko (eta hori behar du edertasunak berau izateko): isiltasunezko bitarte bat noizbehinka. Ez baita zoriontasuna “gauzarik” preziatuena edertasunarekin alderatuz, Aristotelesi apur bat kontraesanez. Ez naiz esteta, baina bai artista. Eta artistok ba omen diogu zorionak ez duela ezer balio edertasun ezean (Aristoteles bazen, hala ere, artista: Filosofoa zen); eta lilurak bezalaxe, arteak sorrarazitako benetako lilurak, gure barrenak (kanpoak baino) isilune onenak behar ditu eder izatekotan, askotan gizonei (gaur bezalaxe, beti) faltan izan zaien lilura-isiltasun lasai eta bizia.
-Julen Urbieta-

2011/10/17

Abangoardia

Armiarma zango luzea lorategiko armiarmaren sarean sartu eta presa eraman zuen berera. Lapurtuak bizkor jarraitu zuen lapurra. Hanka motzek, beraiek jositako sarean, abilezi zortzikoaz arin dantza egin zuten, zango luzearen sarera heldu arte. Han zorua beste neurriak hartzen baitzituen, harien arteko zuloa, hutsunea, handiagoa baitzen. Jausi gabe ez zegoen jarraitzerik eta lorategiko armiarma etsirik eta sabel hutsik itzuli behar izan zen bere sarearen erdigunera, beste bazkari baten zain.

Zein izan zen beste armiarma baten sarera lapurtzera sartu zen lehen armiarma? Horrena bai abangoardia!

Artista abangoardistek horrela ere funtzionatzen dute. Iraganaren saretik bilatzen dute zer bere sareetara eraman, zango behar bezain luzeekin besteek ezin jarraitu ahal izateko. Batzuetan hanka laburrek abangoardiari heldu egiten diote eta ez da hitz egiten abangoardiaz, garaikidetasunaz baizik.

Medusa


Gomutatzen dut udaberri hasi berriaren arratsalde hura, gereziondo japoniarrek oraindik ez zuten bere boda jantziak abandonatu eta artean eguzkiak ez zuen berotzen larregi. Eguraldiak, koloreek eta usainek natural guneez disfrutatzera animatzen zuten. Basoan barren, zuri jarraika nora ezean nindoan, zure gorputza behatzen nuela bakarrik, ehiztariak oreinaren gorputz segaila behatzen duen begiekin, eta tartean desagertzen zinen zuhaitz eta zuhaixken artean, gero berriz agertzeko. Luze ibili ginen enbor, ardazka eta hostoen argi-ilunen artean zuk, menturaz bezala, zure gorputza jausten utzi zenuen arte erramu horren ondoan. Momentu arteko gorputz eta arbola adarren dantza geratu zen derrepente, zu lurrean etzanda zeuden gisara dena paratuta zegoen begiratzen ninduzula. Erramuaren usain gozo eta edentsua gogoan dut, aho eta usaimenetik sartzen zitzaidan erritual pagano baten baporea balitz bezala eta Apolo ehiztari sentitzen nintzen bularraren giharrak, besoetakoak, eskuetako zainak gogor sentitzen nituelarik.

Zer zeukaten zure begiek harri bilakatu nindutela?..