2012/12/30

ARMA (AHOA), TIRO (HITZA), PUN (MEZUA)


Esan nizun, eta entzun zendun,

-Iñaki omen da Kamerun-,

Entzun bai, baina aditu?

Nik tiro hitza, zuk hartun,

mezua ulertu al dun?

-Iñaki ez da hain urrun-.

Tiro hitza nik, mezuak pun,

Zure belarriek entzun?

Hartu al diozu zentzun?

-Iñakirik ezta iñun-.

Arma hartu dut nik zurrun,

Tiro zuganantz eta PUN!

Sumatu al duzu nun edo nun?

-iñaki zuk asmatu dun-.


Iraitz Madariaga

2012/11/27

Zuri

"Zenbat aldiz abestu ote diedan komuneko paretei" abesten du Kerobiak, baita nik ere, hamar mila alditan edo gehiagotan abestu izango nuen abesti hori: izan komune(t)an, auto(et)an, gel(et)an edo auskalomendi(eta)n. Baina abesten dudanean ez ditut hitz musikatuak soilik aireratzen, nahiz eta jakin badakidan haizeak oroitzeko lanik ez duela hartuko. Ez. Abesten dut zuk entzuteko, zuk sentitzeko, guk gozatzeko. Nire bihotza bezain itxia den leku batetik oihukatzen badut ere, oihartzun lauso bat zugana iristea desio dut.


- Kerobiaren "Hiri ikusezina" abestitik abiatuta, @amuguruzak idatzia -

2012/11/23

Errepidean


Sigi-saga. 0 km-tako Mercedes-a kontzesionariotik irten berri 90km/h-tara, 110km/h-tara, 130km/h-tara doa. Siigi-saaga. Gidariak besoa luzaturik gidatzen du, aireak ilea atzerantz botatzen dio. Siiigi-saaaga. 150km/h-tara doa kurbatik... eta DANBA! Arbola zein kotxea birrindurik! Kuriosoak heltzen dira istripura, euliak gorotzera doazen bezalaxe, bar, bar, bar, burrunba egiten. Gidaria ozta-ozta ateratzen da bizirik eta..:
-Nire Mercedes-a! Nire Mercedes-a! Nire Mercedes-a!-oihukatzen du.
Kurioso batek erraten dio:
-Jauna, besoa ere galdu duk!
Kolpatuak muinoia begiratzen du espantuz eta lurrera segidan:
-Urrezko erlojua! Urrezko erlojua! Galdu dut urrezko erlojua! 

2012/10/30

Nire izena 'Utopia' da

Lp-ari su eman diot. Biraka jarraitzen du. Bizkarra eman dizuet, eta joan egin naiz. Ahots kiskalia hormetan gora doa. Hiru hankako mahaiaren inguruan beldurra gorpuztu da eta leihotik bota da. Eskaileretan behera, eskuak poltsikoetan noa, ezaxola. Gurutzatu ditudan bi gazteen aurpegian irakurri dut beste bat eraman dutela. Gero joan beharko gara, ekipo guztiarekin dena txukuntzera. Besaulkian jarri naiz, eta etxeko sabaia paisaia aspergarria da, bira eman eta zutik jarri naiz. Poltsikotik kafe bat atera dut eta ahoan sartu dut, ordua da. Besteekin eliza zaharrean elkartu naiz, dena prest dago. Esmokin zarpaildutik, aspaldi balizko turistentzat egin zen munduaren plano bat atera dut eta bertan erakutsi diet nora joan behar garen. Hitzik esan gabe abiatu gara. Txukundu behar dugun etxearen aurrean zaudete, eskuetan autoen zati apurtuak dituzue eta hala ere barruan gaude jada, eta zuek, zuek ez zarete. Agian bihar ikusiko gara eta azken dendan aurkitutako azken gernikako piperrak bonbardatuko ditugu hiru hankako mahaiaren inguruan. 


- Hiriart -

2012/10/04

Denborak lapurtutako esanak

Hitz, hitz eta hitz
zenioen zirrara olatutan blai,
ilargi bakartiaren argipean.

Hitz, hitz eta hitz
nioen nik inozo, alai,
begiak kolorez itsutzean.


Denborak lapurtu dizkigu esanak,
etorkizuna ostu digu iraganak.

Hitz, hitz eta hitz,
jarraitzen nauten maitale bakarrak.

- Lander Arretxea -

2012/08/08

Badira hitzak...

...
muxurik gabe esateko ozpinegi direnak.
Badira poemak
hotzegiak direnak besarkadarik gabe.

-Lander Arretxea-

2012/07/30

Sirena txikia


Ez dakit nahita ahaztu baden zer gehiago irabazi zuen sirena txikiak bere arrain buztana hanketan bilakatu zitzaionean.



                Arrain emeek parafernalia gutxirekin bere arrabak uzten dituzte uretan beraien zortera flotatzen edota algetara erantsirik eta parafernalia gutxirekin ere arrain arrek gehiegi inplikatu gabe beraien haziak horien gainean isurtzen dituzte. A, ze asperkeria, kabrarroka, sirena edo muxarra izatea!

                Sirena txikiak bere arrain-kondizioagatik sexualitateari garrantzirik ematen ez zionak sorpresa handia jaso behar izan zuen printzeak maitasun pizte batean txitxarro osoa sartu zionean. (Noski ere, printzeak behar beste entregatu, artetsu eta gaitua baldin bazen. (Horrela izan beharko zen, ipuin xarmangarri guztiek amaiera zoriontsua baitituzte. (Ezta ala?))) Ze zinkurin, ze aurpegiera, ze dardarizo, sirena txikiak sentsazio multiorgasmikoak nabaritu zituenean estrañekoz!

                Baita nik ere askotan pentsatu izan dut hala posible balitz gustatuko litzaidakeela nire arrain-buztana txirla multiorgasmikoan bihurtzea, ipuin xarmangarri batetan bezala. O, la, la, la, la, la, la, la, la, la, bezala, o, la, la, la, la, la, la, la, la, la, bezala...

 

2012/07/24

Betikoa


Zortzietan nuen asteroko zita. Etxetik presaka atera nintzen, eta han nintzen bost minutu beranduago baina tira, hobetzen ari gara.

Oraindik ileko lakak sudurzuloak irekitzen zizkidala eskatu nuen lehenengo alkohol dosia. Txikia, baina gogorra, ez dezatela esan ganorarik ez dudala, ez behintzat alkohol kontuetan. Gibel sendokoa naiz, alajaina.

Edaten nenbilela berriketan ari nintzen, honetaz eta hartaz, asteko gorabeherez eta etorkizuneko buruhausteez. Hizketa-gaia interes gutxikoa nuela igarri orduko burua jiratu nuen. Betiko taberna zen, eta betiko jendea zegoen. Hala ere, zerbait desberdina aurkituko nuenaren esperantzan nengoen; baina ez, dena betiko moduan zegoen. Aulki zuriak, mahai zuriak eta edalontziak nonahi.

Hain zen betikoa aurrean nuena… Pentsa, zure itzala ere handik zebilen, zutaz galdezka. Esan zidan bera ahaztuta joan zinela, eta hark zu topatu nahian betiko bideari eutsi ziola. Ohi bezala, zuritoa eta pintxoa zituen eskuan, eta zure lurrina zerion.

- @amuguruza -

2012/07/13

Uluari oin-oharra


Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua! Santua!
Santua mundua! Santua arima! Santua azala! Sudurra santua da! Mihia eta buztana eta eskua eta ipurtzuloa santuak dira!

Dena da santua! Denak santuak! Leku guztiak santuak! Egunero da Eternitatea! Gizaki oro da aingeru!

Eskalea serafina bezain santua! Gizon zoroa ere, zu ene laztana, bezain santua da!

Idazmakina santua poema santua ahotsa santua entzuleak santuak extasia santua!
San Peter san Allen san Solomon san Lucien san Kerouac san Hunckle san Burrouhgs san Cassady, santuak arlote sodomizatu eta ezezagun sufrituak, santuak giza-aingeru higuingarriak!
Santu nire ama eroetxean! Santuak Kansasko aitonen zakilak!
Santua saxo ahuenkaria! Santua bop apokalipsia! Santuak jazz bandak marihuana alderraiak bakea & zaldia & bateriak!

Santuak etxeorratzetako eta espaloietako bakardadeak! Santuak jendekadaz mukuru dauden kafetxeak!
Santuak karrikapeko malko ibai misteriotsuak!
Santua Juggernaut bakartia! Santua klase ertainaren arkume demasa! Santuak artzain zoro matxinatuak! Los Angeles Los Angeles DELA barneratu dutenak!  Santua New York Santua San Francisco Santuak Peoria eta Seattle Santu Paris Santu Tanger Santu Mosku Santu Istanbul!

Santu eternitatearen denbora santu denboraren eternitatea santuak espazioko erlojuak santua laugarren dimentsioa santua bosgarren Internazionala santu Molochen baitako aingerua!

Santu itsasoa santu basamortua santu trenbidea santu lokomotora santuak begitazioak santuak haluzinazioak santuak mirariak santua begi-ninia santu amildegia!
Santua barkamena! Errukia! Karitatea! Fedea! Santuak! Gureak! Gorputzak! Sufrimendua! Eskuzabaltasuna!
Santua arimaren samurtasun azkar hiper-distiratsu naturaz gaindikoa!




(Jatorrizko testua, "Footnote To Howl", Allen Ginsberg)

 - Itzulpena: Harkaitz Cano -

Irakurri duzuna, honako testu honen jarraipena da, eta hau bere jatorrizkoa

2012/07/11

Stupid motto

Kaleak euriak margotu ditu beltzez
Hormetan bizirik irauten duten oihu isilak.
Oinak aurrera doaz oinutsik

Zeruan soketatik zintzilik oinetako bakartiak
Eta beirazko munduaren zutabeetan txoriak hiltzen dira egunero.

Norbaitek belarrira esaten dizu begiak itxita aurrera egiteko.
Hormarekin topo egin arte aurrera.

Leihotik ateratzea da normalena,
Madalenek jada ez dute negarrik egiten,
Gauak motzak dira ilargian,
Eguzki betea egunero.

Oihuek gorrak esnatu nahi dituzte,
Koloreak euren ezkutalekutatik ateratzen ari dira,
Ostadarra atera da gure kalean,
Haizeak bota ditu zutabeak eta mundua behera datorkigu,
Bai, baina urdinez margotua.

- Hiriart -

2012/07/08

Amets andaluza (I)

Altu eta estu ziren kaleak itzalpean sigi-sagan zeharkatu ondoren Kordobako La Corredera enparantzara heldu ginen. Eguerdiko eguzki zuri andaluzak gogor jotzen zuen plaza desertikoa. Kaleetan inor ez. Ur-botilaren azken herena amaitzeko zorian, bero, eta guri izerdiak blaitzen gintuen.

Argitasunari begiak ohitu zirenerako lurrean zeuden kapelek atentzioa eman ziguten. Zer egiten zuten han perretxikoak balira bezala sakabanaturik? Galtzuzkoak, biserak, pamelak... modelo eta kolore ugari. 15M mugimenduaren protestaren bat izango ote zen?

Ausart hurbildu eta kapel horietako bat jasotzerakoan azpian gizon urtu bat aurkitu nuen. Aho deseginarekin ezer esan ezin gabe bere begi deseginekin begiratu zidan inpotente. 



2012/07/05

Don Juan


Ogibidez konkistatzaile,
Don Juan Oñatek ez zuen atsedenik hartu
Inguruko indiar guztiak menderatu arte.
Hala eta guztiz ere, indiarrak entzun txarrekoak
izaten jarraitzen zuten. Behin, hamalau soldadu hil zituzten.

Don Juanek mendekua agindu zuen,
handik zehar zebiltzan hamalau indiar harrapatu eta
hanka bana moztu zien.

Argi utzi nahi zuen ez zuela gupidarik izango
beste erasoren bat gertatuz gero.

Gaur egun, mende batzuen ostean,
Don Juanen irudi handi bat dago
Santa Fe hiriaren erdigunean. Zaldizko estatua bat.

Bere buruaz ziur dagoela ematen du.
Tira, hanketako bat moztu ez baliote.


- Kirmen Uribe - 

2012/06/28

Egunsenti hartan

Goxo zegoen lo, baina goizaldeko aire freskoak esnatu, eta begiak ireki zituen: ederra zen eguzkia mendien artetik ateratzen. Are eta ederragoa, neguko egun ilunei amaiera emango zien printzei so, masailak bero sentitzea. "Zure masaila, nirea... bata bestearen kontra ukituz, laztanduz, elkar maitatuz", xuxurlatu zion bere beso sendoez inguraturik. Hotzikara gozo bat sentitu zuen belarrian besteak, eta beso sendo haiek laztantzen hasi zen. Laztantzen, baieztatzen, ziurtatzen. Ziurtatzen egia zela, hantxe zirela beso haiek eta bera.

Arnasik gabe gelditu zen bat-batean: ikusteko aukerarik izan ez zuen zerbaitek kolpe itzela eman zion bizkarrean. Besarkatzen ari zen maitale haren begi-ninietan topatu zuen hain ezaguna zuen gizon haren begirada haserrea. Minduta eta ikaratuta oihuka hasi, eta orduantxe jabetu zen zerbait arraroa zegoela hor: burukoari helduta garrasi mutuak egiten ari zen, ihes egin ezinean, lo oraindik.


Lit. Mikropilulen Farmazia,  Jugatx Agirre, Cristina Goikoetxea, Josu Zaldibargerrikagoitia, Libe Osa,  Neretto Balda, Maialen Unanue, Julen Sanz, Juankar Hernandez -

2012/06/19

Gaindosia


Gaindosi batek hil egin zuen.
Medikuak goitik behera zabaldu
eta mila koloreetako mikropilulak aurkitu zituen,
danak nahastuta.

Egunero bat bakarrik hartzeko gomendatu zioten,
baina berak guztiak irensten zituen.
Medikuak goitik behera zabaldu
eta milaka berba aurkitu zituen,
danak barruan gordeta,
kanpora ateratzeko beldurrez.

- @jbiguri -

2012/06/13

1976an Uruguaiko La Libertad kartzelan

Uruguaiko preso politikoek ezin dute baimenik gabe hitz egin, ez txistu egin, ez irribarre egin, ez kantatu, ez arin ibili, ezta beste preso bat agurtu ere.  Ezingo dute, ez eta marrazkirik jaso ere, non, haurdun dagoen emakumeren bat ageri den, ezta bikoterik, ez tximeletarik, ez izarrik, ezta txoririk ere... Eskolan irakasle den  Didosko Perezek, bere ideia ideologikoengatik preso eta torturatuak, igande batean bost urteko alabaren bisita jasoko du.

Alabak txorien marrazki bat darama. Zentsoreek, kartzelaren sarreran marrazkia apurtzen diote. Hurrengo igandean, Milayk zuhaitzen marrazki bat eramaten dio; zuhaitzak ez daude debekaturik eta marrazkia onartzen dute. Didoskok bere marrazkia goraipatzen du, eta zuhaitzen puntan eta adarretan agertzen diren kolorezko borobil mordoari buruz galdetzen dio:

- Laranjak dira? Zein fruitu dira?

Haurrak isilarazi egiten du:

- Shhhhhhhhhhhhh -eta sekretuan esaten dio:- txotxolo, ez al duzu ikusten begiak direla? Ezkutuan ekarri dizkizudan txorien begiak.


(Jatorrizkoa: "1976 en la cárcel la libertad de Uruguay", Eduardo Galeano)
- Itzulpena: Oier Ibarra - 

2012/06/08

Bizitzaren metafora

Bizitza kazkabarrak jipoituriko pertsianaren gisakoa da. Horixe pentsatu nuen bart, lo egiteak utopia zirudienean. Begi heze ia itoak irekita, ohe gainean etzanda nengoen, orain dela ez gehiegi hain handia izan zen ilargi apalaren argi eskasak argiturik. Egia esan, iluntasuna oparia izan zen niretzat. Ezer ikusi ezin nuenez belarriak adi jarri ziren protagonismoa nahi balute bezala begien ezintasunaren aurrean. Kolpe txiki, leun, azkarrek doinu berezia sortu zuten. Kazkabar tanten gainean musika notak pausatu zirela zirudien. Tristea iruditu zitzaidan hasieran doinua. Pertsiana, bakarrik, ahazturik, kazkabarrak jipoitzen zuen. Sufrimenduak astinduriko bizitzaren irudia zen pertsiana eta doinu hura bizitza horretako kolpe bakoitzaren oihartzuna.

Baina pertsiana ez da inondik ere bizitzaren metafora. Pertsianak ezin dio bere zoritxarrari aurre egin, bai ordea guk. Eta nahiz eta gaur iruditu hurrengo kolpeak akabatuko gaituela, pentsa, ekaitza pixkanaka indarra galduz joango dela, eta gu, aldiz, bera ahulduz zihoan bitartean, kolpe bakoitzaren indartuz joan gara. Hori da gure abantaila.

-Tari-

2012/06/07

R.I.P. Ray Bradbury

Telebista, piztia amarratsu hori, gauero finko begiratuz gero miloika pertsona harri bihurtzen dituzun medusa, abesten eta dei egiten duzun lamia hori, asko promes egiten duena eta egia esan gutxi ematen duena. 

-Ray Bradbury-
(Gaur bere zentze egunean eskainirik)


2012/06/06

Urtebetetzea

Goiz itzartu nahiz, oso goiz, berez, beti bezala.

Ordenagailuan munduko beste puntatik bidalitako zorionak jaso, dutxatu, gosaldu eta buelta bat ematera irten naiz. Gaur, nahita, mugikorra etxean gelditu da. 

Jasotako mezu gehienak estandarrak izan dira, honelakotan gehiegi pentsatu gabe botatzen diren horietakoak, baina beste batzuk, nortzuk bidalitakoak eta nolakoak izan diren ikusita... barrua ukitu didate.
 
Goiz irtenda ez diet aukerarik eman eta honezkero etxekoak eta ingurukoak ere zoriondu nahian eta ezinean izango ditut.
Etxera bueltatzeko ordua da edo... ekialderantz jarraitzekoa, nire esnatze orduak ingurukoenekin bat etorriko diren tokirarte, urrutitik barrua ukitu didaten mezu-igorleak ukitu arte,... auskalo noizarte.

-X10-
 
 

2012/06/03

Erregeei gutunak II



Harriette Wilsonek Galesko Printzeari idatzia (1825)


Jauna:

Berrogeita hamar miliako bidea egitea, eguraldi kaskar honekin, gizon bat ikusteko bakarrik, gizon horrek gainera ohiko hanka, beso eta atzamar kopurua badu erokeria litzateke, onartu behar duzu, ni bezalako neska batentzat, miresleez inguratua nagoelarik, beti prest daudenak edozein lekutara joateko neure atzamar ttikiari musu emateko ohoreagatik; baina frogatu ahal badidazu nire aginduak betetzeko prest legokeen beste edozein gizon baino pittin bat hobea zarela, segituan jarriko naiz Londreserako bidean. Beraz, dama bati atsegin emateko ezer hoberik egin ahal baldin baduzu gizon arruntek baino, idatzi oraintxe; bestela, aio, printze jauna.
Ez dut esango "zeurea, gau eta egun, argi zein ilun" lotsagabeegia zarelako.

Harriet Wilson

Itzulpena: Ana Morales
[Bilbo Hiria Irratiko Xerezaderen Artxiboa
saioko podcast batean lokutatua]

2012/06/01

Kaleak

Euriak mundua bustitzen zuen, paisaian kaleargien itzalek txakur amorratuak ezkutatzen zituzten. Edozein aterpetan bikoteek elkar maitatzen zuten isilpean. Bakarrik zeuden etxeak, kandela argi berotan atseden hartzen. Lo hartzen ez zuten haurrek negar egiten zuten ahots eztiz kontatutako ipuinen artean. Izuturik, oinezkoak arin zebiltzan,supermerkatuko poltsa astunak eskuetan. Korrika egitera ateratako korrikalariek bidegorriak higatzen zituzten eguzkiak mendien atzean ezkutatu aurretik agurtzen gintuen bitartean. Leihoetan alfonbrak eskegita, inork inoiz jasoko ez zituen itxuraz. Eta sabairik gabeko ganbara ilunen batean, liburuen artean, kobazuloan ni, kanpoko itzalak aztertuz, zeruko izarrekin zure irudia osatuz. Lainoen ostean aurkitzen da ilargia, amaraun debekatuetan armiarmak eta euliak dabiltza ibilean, zirkura joango gara tximeletek lehoiak nola izutzen dituzten ikustera. Trapezioan balantzek pisatuko dute masa kritikoa, hegan dabiltzanpailazoak hurrengo kraterrean itsasoratu aurretik. Aurkezleak ez du jakingo norden norbaitek garbikariz barrunbeak garbitu balizkio bezela. Berriz jaioko dira Byron eta eguzkia. Diktadoreak musukatuko dira Hendaiako tren geltokiaren hondakinen artean. Portuetan itsasontziak utziko ditugu, igerian joateko mundu berri baten bila, urrunera. Apaizek Aita Santua fustigatuko dute, orgasmoraino. Jendea bikiek hartuko dute, arrainek eta hartzek geziz ahariak zulatzen dituzten artean, Hotel Paris zerura eramango dute, mamuren batek eraildako prostitutek behin betiko lanpostuak izan ditzaten eta euren soldataz Estatu Batuen zorra erosi dezaten. Petrolioa aurkituko dute enpresarien buruetan eta ,kokoak bailiran, guztiak apurtu beharko ditugu gosaltzeko, kanibalismoa eta tortura eskubideak baino gehiago izango direnean. Kultura sailak eta turismo bulegoak suizidioa bultzatuko dute eta koadernoen orriak zuriak izango dira. Gizartea guztiz aztertua eta disekzionatua izango da. Denok ikusiko dugu telebista eskola orduetan. Publizitatea eramango dugu tatuatuta gorputzean. Hainbeste hauts izango da gordea alfonbren azpian non hegalariak izango diren. Sirena hotsa iristen da kobazulo barnera, zaratak, zaborrontzi irauliak, jendearen oihuak. Kaleek ez dizkiote oraindik euren azken hitzak esan munduari. Iragana izan daiteke etorkizunaren islada garbia.
-Hiriart-



2012/05/31

Goiza?

Goiza? Zure eskubitik irtengo zela erabaki genuen, baina zure eskubia lokartu da, lokartu da.

Goiza?, esan genuen: gutxi barru, atseden hartu unetxo batez eta zure betazalak.

Ez dakit, suak hartzen duen larrosa ikusten dut, larrosa suak hartzen, altxatzen den koroaren fabula.
Libro de las Mariposas, Arnaldo Calveyra

2012/05/30

On Kixotek...

...arrazoibide horiek esanak entzuteaz barre egiten zuen eta lasaitasun osoz esan zuen:
"Zatozte tipo zantar eta doilorrak! Atxilotuak askatzeari, presoak lokabetzeari, zorigaiztokoei laguntza emateari, eroriak altxatzeari, behartuak hel egiteari, horri bidelapurketa esaten diozue? Ah, jende zitala, zuen entelegu azpi eta doilorragatik Zeruak zalduntza ibiltariak gordetzen duen balioa komunikatu ez dezazuelaren merezidunak! Ulertzera eman ez ditzazuela zein bekatu eta ezjakintasunean zaudeten edozein zaldun ibiltariaren itzala ez ezik, are gehiago, beraren laguntza ere ez gurtzeagatik! Zatozte, lapur aldra, bide lapur izateko Ermandade Santuko baimena duzuen kroadrilleroak; esadazue: Zein izan da ni naizen moduko zaldunaren aurka espetxeratze agindua sinatu egin duen memeloa? Zein izan da zaldun ibiltariak foru judizial orotatik libre direla ez zekiena, ezta hauen legea hauen ezpata, hauen foruak hauen kemenak, hauen jardutea hauen borondatea direla?"

(Don Quijote de la Mancha, I liburuaren, XLV kapituluan)



2012/05/18

Nondik begiratzen duzun

Aspaldi honetan maiz hartzen dut trena, eta hasierako egunetan bagoiaren eskuinaldean esertzen nintzen. Behin, baina, ezkerraldean jarri, eta ordura arte eskuinaldeko leihoetatik ikusten ez ziren lekuak ikusi nituen, ederrak ziren. Nondik begiratzen duzun, hor baitago gakoa.

Kanpotik ikusita, besteen zenbait jarrera ulergaitz suerta daitezke. Hori diozu, kanpotik begiratzen dudala, ez dudala neronik bizi. Kanpotik, bai -diot- baina ez urrunetik. Gerturatzean ikuspuntua aldatu egiten baita, eta distantzia luzean aprezia ezin daitezkeenak begibistako bihurtzen dira.

Distantziarik txikiena, itogarriena eta itsuena, baina, barrutik ikusi baino, norberak bizi duenean izaten da. Eta agian, norberak aski justifikatuta uste dituen jarrera horiek erokeria hutsa direnaren itxura eman dezakete. Ezin nauzu ulertu, diozu, onartu nahi gabe, nahi baino gertuago nagoela.  

Tarteko puntu bat bilatzea litzateke onena; ulertu eta ulertaraztea. Baina beldur naiz, maite, ez ote duzun zugandik haratago begiratu nahi. Ez ote duzun zeure horretan geratu eta bertatik ikusten ez dituzun gauza eder horiek galtzea nahiago.

2012/05/15

1937


Malkoak portzelanazko aurpegian behera doaz,
leihotik euria ari duela ikusten da.
Aulki hutsetan oraindik denborak ezabatu gabeko itzalak.
Sutondoan lurrean eserita dauden haurrek 
ez dute euren isladarik ikusten sugarretan.
Atea irekita dago, eskaileretatik behera doa haize hotza
atarian autoko giltzak hartzeko geratzen da.
Piano hots urrunak portuko marinelen kantuetaraino.
Hegazkinek lainoak zulatzen dituzte,
euren bonbek teilatuak eta kaleak.
Gogora ekarri, gure merkatu egunak odolez margotuak.
                                                                                  

                                                                  - Hiriart -

2012/05/09

Erregeei gutunak


Anne Boleynek (Ana Bolena izenaz ere ezaguna) Ingalaterrako
Henry VIII.ari egindako gutuna (1527)

Jauna,
Errege handi baten gogo augustuak, zeinari Naturak eman dion gure sexukoenganako eskuzabaltasunez betetako bihotza, errege handi baten gogo augustuak bakarrik ordain dezake halako fabore ikaragarriez neska batekin izandako solasaldi xalo eta laburra. Berorren aberastasunen altxorra agortezina bada ere, arren eskatzen diot kontuan hartzeko apika ez dela berorren eskuzabaltasunaren adinekoa izango; izan ere, halako solasaldi ttikia hain opari handiez saritzen badu, zer ez ote du egingo beren obedientzia osoa berorren desiretara konsakratzeko prest daudenekin? Jaso ditudan sariak handiak izanda ere, infinituki handiagoa da adoratzen dudan erregeak ni maitatzearen poza, eta atseginez sakrifikatuko nioke bihotza, fortunak nahi izan balu nire bihotza berorri eskeinia izateko duin izan zedin.
Erreginaren dama izendatu izanak pentsarazten dit bere gorentasunak estimuren bat badidala, horrek parada emango baitit berori sarriago ikusteko, eta neure ezpainekin ziurtatzeko (aurreneko aukeran egingo baitut) naizela berorren gorentasunaren zerbitzari ttipiena eta obligatuena.
Erreserbarik gabe.

Anne Boleyn


Itzulpena: Ana Morales
[Bilbo Hiria Irratiko Xerezaderen Artxiboa
saioko podcast batean lokutatua]

2012/05/05

Distira

Haren ileari begira nengoen eta ez nekien zergatik,
baina ezin nion begirada kendu, hara eta hona zebilela.
Batzuetan horrela geratzen gara,
gauza ederrei begira, txotxolo aurpegiz.
Ulertzera iristen ez garen egia
gure aurrean dela. Une hori da... dena.
Begiratu, besterik ezin da egin... eta 
halako batean jabea hurbildu zen:
Zer, ederra e? erosi nahi?
Ez zekiat, zenbat eskatzen duk. -- Galdetu nion zuhur.


                                                                  @mikelsgartzia

2012/04/25

Garaipen aldia, zoriona


Gaur izango omen da.

Baliteke bihar izatea.

Bitartean azkenaldiko bidetik darrait, ez diot utzi nire errutinari, egunerokotasunak lotuko zaitu eta horrekin, horrek damaizun babesarekin zeureganatuko duzu zure izatea. Askatasunaren ihakina irudi dakizuke balizko irakurle horri, ez nauzu iritzi berekoa, arrazoi emango badizut ere… bai hara, lotura askatasunarekin bateratzerik ez dago, alabaina, askatasuna zoriontasunari atxikitzen diotenen artekoa bazara garbi diotsut loturaren, ezagunaren, aurresangarriaren babesa zorionaren oso pareko egoera dela.

Askojakin batek halaxe zioen eta nor den esango ez badut ere, bere edukiari ohore eginez nahi nioke adierazleari goratzarre egin, zioen bada gizabanako hark, zoriontasuna zerbait lortzeko bidean egoteak eta batez ere horretaz jakitun izateak damaigula. Unerik gogobetegarrienak halakoxeak izan bide dira, baiezta dezadan, bai halaxe dira, eskarmentuz ari natzaizu oraingoan, lorpena ez baita asebetegarria, aitzitik bai lortu aurreko unea, erdietsiko duzula nabarmen duzun eta azken mugimendu edo ñabardurak osatzen dituzuneko aldi hori bezain lipar gozagarririk ez dago, zinez diotsut.

Izan ere, txoria eskuan duzunean ez baita itxaro zenuena, zuk txoria baitzenuen maite.


@pellomik

2012/04/21

Hilda nago (hala esan dit munduak)


Kafesne jada hotzaren aurrean, egunkarian nire eskela irakurtzen nuen artean, 
harritu egin naiz zein egun den ikustean.
Igandea, egun tristea da gaurkoa, udaberriaren desiran nabari da mundua, ez gaude lasai.
Kultura izena zuen atalean futbolaz ari dira, kirolen atalera pasa eta berdin,
ez du merezi politikako atala begiratzeak, denok dakigu atzo Real Madrilek irabazi zuela. 
Hala ere, denok dakigu igandetan ez dagoela eskelarik egunkarian, eta kafea jada garestiegia dagoela inork erosi dezan. 

                                                                                                                                                                                  - Hiriart -

2012/04/18

Soilik


Ez dut barkamenik nahi,
ez dut nahi nigatik hiltzerik,
ez izaterik dena uzteko gai,
ez maitasun hitzak esaterik.

Soilik zure ezpainak nireen kontra.

Ez dut babesik behar,
ez dut nahi zorion gidarik,
ez maitasunik urtetan zehar,
ez esna itxarongo nauenik.

Soilik zure azala nirearen kontra.

- @landerabr -

2012/04/15

Edaten...

...egon naiz, ez zait ezer inporta, lagun batzuek barre egiten dizkidate txisteak, eta tabernako argiak gozo argiztatzen du gaua. Asko gustatzen zait nola egiten duzun dena, esan nion musika jartzen ari zen neskari, eta horrelako eroaldi batean hirekin ezkontzeko gauza naun. Begiratu zidan, triste, txiste bat zela pentsatzen zuelako, baina ni egitan ari nintzen. Eta benetan, mozkor egon arren asko gustatzen zait nola egiten duzun dena, atzamarretan senti dezaket triste zaudela gau honetan, eta horregatik ekarri dizut baso betea, topa dezagun arratsalde honetan, lagunak etxera joaten ez diren bitartean itxaropena dagoelako, ate hura zeharkatzen dugun unean badakizu dena bukatuko dela, gu ere ez garela gu izango. Eta mozkor egon arren, sinetsidazu ez dudala hemendik joan nahi, ez zaidala gustatzen kanpoko giro hotz eta umela, nahiago dut zure musika entzuten geratu, gau honetan, lagunak joaten ez diren bitartean.

Joshejulian Armendariz

2012/04/13

Erraldoiaren miseria

Txikia, askotan, kikildurik, handiaren itzalean ñimiño sentitzen da, badirudi, bere argi apurra irensten diola haren itzalak. Handia, txikiari itzala ematen diola ikusiz, erraldoi sentitzen da, besteren argia itzaltzea balitz bezala norbere gaueko iluntasuna ezerezteko bidea. Eta hori da bere miseria. Ez daki ñimiñoak bere txikitasunean argia berriro piztu ahal izango duela, aldiz, erraldoiak nekez ikusiko du argitasunik, bere gauean piz daitezkeen izar txikiak gutxiesten baititu.

Tari

2012/04/10

Erahilketa baten kronika


Lurrean ikusi zintudan. Nahiz eta begiak tarteka irekitzen zenituen, zuk ez ninduzun ikusten. Ez zenuen inor ikusten. Konorterik gabe zeunden eromen haren erdian. Ez zinen jabetzen, noski, nola jo gintuzten zure hiltzaileek, odol-isuri hura nolabait gelditzen saiatzen genbiltzala. Eta egin genituen ahalegin guztiek ez zuten ezertarako balio izan Iñigo, ezertarako ere ez. Anbulantziari dei ziezaioten eskatu genien, eta borra kolpeak besterik ez genituen jaso bueltan. Berdin zitzaien zein harrapatu, zuk ere bazenekien hainbeste lehenagotik ere. Denok genekien. Eraman zintuzten azkenean, baita betirako eraman ere. Ez baikara berriz ere San Mamesen elkartuko, ezta zerbezarik hartuko ere partiduaren ondoren. Ez gara berriz elkarrekin aspertuko, ez hunkituko. Nahigabe, umezurtz utzi gaituzu. Ez zenituzkeen zure gurasoen negarrak jasango, guk ere ez.

Egunkariek dramaren berri eman dute, hitz larriz batzuek, izkina ahaztuetan besteek. Poliziaren bertsioa hitzez hitz kopiatuz batzuk, zure lagunen testigantzak narratuz gutxi batzuek. Lurrean ikusi zintuzten Iñigo, lurrean, bizitzeko mila arrazoi, eta hiltzeko arrazoi bakarra tarteko. 

2012/04/01

Banoa, banarama


Hemen eserita, gogoa badoa, urrutira.
Egunak ederrak dira, agurrak bezala.
Egunak gogorrak dira, musuen antzera.
Badoa.
Badoa gogoa, 
egunak, hemen eserita nagoela, diapositibak dira.
Ez dago sentimenturik gertakarientzat. Gertakariak sentimentuek egiten dituzte,
Hemen eserita, atalaia batetik bezala ikusten saiatzen naiz bizitza den itsaso zabala,
hala ere, zerumuga urruti dagoela imaginatzen dut.
Aske izan nahi duenak ba al daki zer den aske izatea?
Perfektua izan nahi duenak ba al daki zer den perfektua izatea?
Normala izan nahi duenak ba al daki zer den normala izatea?
Normala da, aske izatea norberak aukeratzeko zer den perfektua izatea.
Aske izatea da, normaltasun perfektutik askatzea.
Perfektua da, perfektua da normala izatea aske izatea.
Badoa.
Hegan egitea ez da egin diguten ordutegian sartzen,
Beraiek aukeratzen dute zer behar dugun pentsatu, zer sentitu.
Beraien normaltasun aske eta perfektu horren mugen artean itotzen gaituzte.
Gaur, hegan egin nahi dut,
txikian nintzenean bezela haritz hartara igo, eta gogoari hegan egiten utzi, mugarik ez dago nahi ez dituenarentzat,
zaila da.
Eta bai, badoa.
Badoa oroitzapenetan zehar,
zenbat maite daitekeen norbait, zenbat maite zaitzaketen.
Antzeztea haur jolasa da,
haur jolas guztiak ez dira errazak,
denok gara haurrak, gure heldutasun ahaleginean,
zer da heldutasuna?
Hiztegian jartzen du zer izan beharko litzatekeen heldua izatea,
ez dut sinisten.
Badoa,
Zein ondo ginen atzo hondarretan etzanda eguzkiak argitzen gintuen artean.
Hegan egin nuen, igeri egin nuen zeruan, arraina nintzen, aske.
Islada da, itsasoa zeruaren islada da, zeruan gaude.
Hemen eserita nagoela, ikusten naiz, igerian bizipenek utzitako oroitzapenen artean.
Urrutira.
Zerumugara, astiro, baina igerian, ez gaitzala korronteak eraman.
Banoa.
Banarama.


-Hiriart-