2011/12/31

Civis Silvestris

Konkistatzaile español bibotearen puntak atzamarrekin orraztu zituen kiribilduz, mendi hegalaren gailurrera heltzeko azken pausua ematen zuen artean. Tontor horrek irekitzen zuen Civis Silvestris albergatzen omen zuen baiara ilun oihantsuaren ikusmira, apeta eta gutizia ororen bitxia ezkutatzen duen sarkofagoa zabaltzeko aurreneko erresorte sekretua balitz bezala. Brandomineko Markesa gogobete sentitu zen, pekamenaren promesagatik.


Kondairak erraten baitzuen hiri basati horretan regitzen zutela emakumeek eta emakume gerlari horiek otzantzen zirela ezti eta brontze azaleko erregina baten aginduen menpera. Akabatu gabeko harri hutsaren edertasun atabikoa zen eguzkiak haurtzarotik miazkatu zuen haragi kiskalitako, pottoka basatien zaldunaren hanka sendo-liraineko, arerioaren garezurrarekin talkaz guda aizkorak zaindutako besoetako, gauetan dir-dir egiten zuten begi berde-sugarreko, nakar irribarre odolzaleko hipolita iberiar kantabresa aedoen ahoetan.


Oraindik Brandomineko Markesari erresistitu zitzaion emakumerik, andre zein amazona, ez zen existitzen.


Konkistatzaile español bibotearen puntak atzamarrekin orraztu zituen kiribilduz, hurrengo pausua ematerakoan, txibiaren tintaren arte zaharraren maindirea estaltzen zuen oihanean, belzturaz irentsita omen zegoen Civis Silvestris-en, fabularen eta errealitatearen artean ahaztua omen zegoenaren, bila dzanga egin zuen arte.

2011/12/30

Ageda haren kutxan atseden hartzen ari da...

...Ez malko gehiagorik, ez irrifar konplizerik.
Lagun guztiez inguratuta, ta bakar sentitzen
da.

Iraganean maitatutako tren zaharrak
joan eta etorriko dira gu gabe berriz,
geltokiko kristaletatik igaroko dira eguzki izpi ahulak,
baina haren begiek, betirako ukatu dituzte.

Kafe bat, edo parea, alde zaharreko edozein txokotan
irakurritako azkeneko liburuak gauzatutako unibertsoarekin amesten.
Asmatutako hitzen hiztegiaz farre egin
ta kaleko atmosfera kameraren diafragman
kokatu.

Nora begiratu jakin gabe, Durangaldeko mendiak
ta Goierriko lar-oihal berdeak etortzen zaizkit burura,
Irlandako paradisu umeletan bezala, zelaietatik
sekretuzko pasadizoak elkarri aitortzen genituen,
momentuetan.

Hain bero, haren eskuen trikimailuak nire belarrien
inguruan, hitz apalak doinu frantsestu finez apainduta.
Nire begiek, haren begietan islaturik, ispilu joko
ero baten paradigma sortuz, lo egitera gonbidatu ote zioten betirako.

Haren ahotsa mugikorrean barrena entzuteko aukera gehiagorik ez,
haren metafora traketsen eraiketa ausarten gabezia,
irratiko abestien "playback"
merkea
dutxapean...
Lainoetan akaso, haien forma ta fisionomia hauskorretan batera galdu, edozein tabako amerikar merkek sortutako kezko borobilen usaina, perfumez gainezkako blusa gorriaren usaina.

Euri tantak, autoko bentanilaren kontra talka egiten zuten, negar olinpikoa deitzen genion horri, kanposantuan
berriz agertu da. Ez dut uste zure oroimenera isuriko diren, Ageda.
Baina gutxi axola zait jada. Etxeko atea itxi
dut, goibel ohean sartu ta zure izena errepikatu. Egunkarian zure aurpegi panpoxa bilatu arren, beste hamaika izurriteen berriak baino ez ditut aurkitu.

Eta han, geldo, nire buruari zer esan jakin gabe, argazki
mordoen gainean minbiziaren izena goraipatu dut ironiaz.
Arima izatekotan, zure eskutitzetan aipatutako nire lapur
arima hori, gris tindatu zait. Oroimenean dugun Bilboko Ihauterietako errauts koloreko zeru horren kromatismo berdinez.

Norabidea zure alde egitearekin batera ihes egin dit,
jasanezinak dira etxean erantzun gabeko deiak. Zer esan, hauek nola aurpegiratu. Oheko zure
hutsunea ginebrarekin betetzeak, ez dit ezer berririk ekarri.

Ageda, azkenik, zure kutxan atseden hartzen ari zara...
-Iñigo M.-

2011/12/29

Eskerrik asko, Shazam

Musika ona, esertzeko leku lasaia, lekuak iluntasun puntu egokia izaten duelako eraman duzu bertara. Eta esperotakoa jaso duzu, bai, ondo ari da disko jartzailea. Publiko askorik ez den egun horietarako aukera apropos bat egiten. Ilunabar soul bat. Badakizu une eta giro xarmangarria aukeratzen. Elkarrizketaren gidoiari laguntzen dio eszenarioak egoera hauetan.

- Adi hau, ze polita. Adele izango da, diot nik. Ondo kantatzen du ezta? Eta neska ederra.


- Bai? abeeeer... aterako dut Shazam.

- Zer?


- Hemen, begira. Mugikorrean daukat. Sakatuko diot, eta esango digu zer den. Tik. Buelta osatuko du biribil horrek eta esango digu.

- Duffy.


- Bai, ez da Adele. Duffy da. Diskoaren azala da irudikoa, ikusten?


- Kontxo, ez nuen ezagutzen. Tira, emakumezko soul kantari zuria da behintzat, horretan asmatu dut, jeje. Eta Shazam hau izateko zer behar da?


- Nire iPhonean primeran dabil, ikusten duzu.

(...)

- Eta honek... ea, nik esango nuke Otis Reading dela...

- Galdetuko diogu Shazami?


- Bueno, oraingoan asmatu dudala uste dut. Otis. Ez badiako kaian eseri zenekoa baina, bai, Otis da. Ea baieztatzen duen teknologiak.

- Eman diot... ea... Ez ba. Eddie Floyd. Jajaja.

Bale. Ulertu dut. Eskerrik asko, Shazam.

PUTAMIERDA.

- Fred -

2011/12/28

Datorkit

Fideltasunez nagiturik, hitzaldi argiez; norabide ziur gabe korrika eta etengabe estropezu egiteaz. Adimena guztiz suntsitzeaz eta edan gabe mantentzeko esfortzuak bizkarrean jasan. Kaligrafia trakets iraunkorra, hire izenaren inguruko berehalako amnesia zitala berriz. Supermerkatuan irrist egin nuelaren oroimen ahula datorkit orain eta lurpean soilik, lehengoz bizirik sentitzeko aukera bakarra aurpegiratu ote nuen? Zin dagizut: vodka amorratu, baino gau-mahaian botila parea zelatan zain ditugu. Kontsonanteak bidean ahaztu eta dardara berriz datorkit egunsentiarekin bat. Begirada lurzoruan txertaturik, lotsa ekidin nahian. Zure usaia nabaritzen ez dudan bakoitzean zerua bertan behera etortzen zait berriro. Traizioz nagiturik, bizi naizen eguna zein den ez jakiterakoan, guztiak berdinak dirudite ta: umelak, arazogarriak, mozkorrak, okadak esku ta bizarretan bizikide bihurtuz...

-Iñigo M.-

2011/12/27

Tabua

Aingeru guardakoak Fabiani xuxurlatzen dio, bizkarretik:

–Kontuz, Fabian! Erabakita dago hil egingo zarela zangolotino hitza esan bezain pronto.

–Zangolotino? –galdetzen du Fabianek, aztoraturik.

Eta hil egiten da.

( Enrique Anderson Imbert -en ipuin batetik euskaratua)

2011/12/26

...


Joan ziren hiru puntu bakoitza bere bidetik…
Bat geratu zen hemen.
Bestea hor  .
Hirugarrena han      .
Geldi.
Bakarrik.
Aspergarriegi.
Elkarri begiratu zioten
irribarre egin
eta…
-@egoienetxea-

2011/12/25

X

Alutik goranzko norabidean isurtzen ziren ile pubikoen ur-jauziaren zain zegoen bi hatzekin tiraka suabez Iboneren azpiko galtzak jaisten zituenean; begi urduriekin bilatzen zituen horiek.

Ibone, ez zen emagaldua, ezta emazte desleiala, ez, ez zen gau batetan ezagutzen diren haietakoa, ezta ere arrosarioari mila buelta eman dion moja. Beraien ahots goxoek eguneroko «egun ona» desiratzearekin alegrantzia esnatzen duten horietakoa zen, Ibone, baizik; bera kontziente izan gabe. Egunean eguneko hitzek, urtuko balira irribarrearen partituran, abesti leuna gauzatzen zuten bizilagun maskulinoen bihotzetan. Egunean eguneko Iboneren hitzak begi horien jabean ere abesti leuna bilakatu ziren, eta, alutik goranzko norabidean isurtzen zen ur-jauzia bilatzen zuten urduri orain begiek, bi hatzekin tiraka suabe Iboneren azpiko galtzak jaisten zituenean.

Ez. Espero zena ez zen han agertu. Gerriaren beheko aldetik bi hankak hasten diren tartera arte X orlegi dirdiratsua estaltzen zuen dena. Zentsuraren letra. Uko orlegiaz margorik. Gabeziaren X dirdiratsua. Zentsuratzailea, ukatzailea, gabea, begirada; ez Iboneren ahots eztia.

2011/12/23

Euskalduna

Iraganeko exodoaren euskalduna,

gaurko exodoaren euskalduna,

gizaki legez salbatuko zara,

baina euskaldun bezala ez.

Ez duzu ez aberririk, ez triburik.
 

Ahal izanez gero,

zure sustrai eta ametsak errotu

eguzkiaren negar ekumenikoan

Eta altxatu... Altxatu!


Agian gaur egungoa baita

argiaren, exodoaren eta haizearen gizaki

nomada.

León Feliperen poema baten bertsioa 

2011/12/22

A hundred-word Christmas tale

«Munduko elur panpinarik handiena izango da!». Umearen hitzek irria eragin diote aurpegi jatordun agureari. «Bai? Ze ondo!». «Bai, bai, ikusiko duzu. Etxe blokea bezain altua!». Barrezka, bere zakurrari deitu eta blokearen goieneko pisura itzuli da agurea, abenduko hotz latzetik ihesi. Pisuan sartu ostean, leihotik begiratu eta elur panpina handitzen imajinatzen du agureak, umea horren gainean egonik. Gero eta altuago hazten doa panpina, goieneko pisuaren mailara iritsi arte. Umearen aurpegi izutua bere parean ikusirik, agureak bere maskara tiraka kentzen du, benetako muturra erakutsiz azpian. «Ez naiz Olentzero, ezta?». Algara maltzur batez, erroitzar bihurtu, umea harrapatu eta infernura itzuli da deabrua.

-idatziz-


2011/12/17

Ke arteko egunak

Hotzak akabatuta, baina zigarroari ondo heltzen dio tabernaren kanpoaldean. Laister hurbildu zaizkio lagunak ere; nikotinaren deiari ezin ezetzik esan. Isilik dago lagunen arteko solasaldia entzuten.

Momenturen batean begirada lagunengana zuzentzea erabaki du. Ez daki erotzen ari ote den, baina batek esandakoari besteak entzungor egingo balio bezala dabiltza lagunak, bata zein bestea norberaren penak kontatzen ari dira bata besteari. Batak besteari entzun gabe. Konturatu gabe bestea zer ari zaion esaten. Biak dira kexu bizi dutenaz: bata gaizki, eta bestea okerrago dago, antza.

Ez du ulertzen zertan ari diren, ez eta zergatik egiten duten hori ere. Zer gertatzen da? Ez ote dira konturatzen aldi berean kasurik egiten ez duena, eta kasurik egiten ez diena direla?

Zigarroa itzali, eta etxera doa, gorren arteko hitz trukaketa haiek gorroto baititu. Bakarrik egoteko nahikoak ditu bere etxeko paretak.

2011/12/16

Eskarlata

Lamiak tabernan...


Ezti-koilaratxoak urtzen zen te gorri tazan. Esku-ahurraren mugimendu zirkularrek eraginda, koilaratxoa bitartekari, itsaso gorri horretan tifoi bat sortzen zen. Kapitain-pilotu baten barkua ikusten nuen urperatzen, pu-erh tetik begirada altxatu nahi gabe. Sentitzen nintzen lotsa batez preso, aurrean neukan ikusmiraren morroi. Ikusmira atsegina baitzen benetan, blusa zuri-arrosan, hezurraren eta gereziondo-lorearen kolore nahasketan, bere bi bularren efektuz kurba-zorrotz bi marrazten ziren. Gora egin ahala buruz-beherako arku finean amaitzen zen oihal artifizialak ehundura leunago bati usten zion lekua, arrosa izerditzen zuen zuritasunezko azal zuriaren leuntasunari. Besaburuetatik erdigunerantz behera larru azpitik bi klabikulen berri ematen zuten bi plegu jaiotzen ziren. Hezur-oihaleko pleguak itsasoratzen ninduten eta erdian urre-dirdira, lepo meheari zintzilik, gate doratu eta finean esekita, xarmangarri, ezti-kolore metalezko bihotzaren pisutxoa. Sorginkeria hasita ezin begiak bueltatu pu-erh teko babeslekura. Lepoan gora bultzaturik, zintzurraren eta kokotsaren gailurtxoen haraindian, ile gorrixka gaztaina-koloreari, haritz-begiei eta sudur txikiari norgehiagoka zure ahoa eskarlata baino eskarlatago. Kapitain-pilotuak azken heriotza-garrasia ematen zuen erremolino gorria tragatu baino lehen.


Ai, Jesus, otso-gizon bihurtzearen beldurra sartzen ari zitzaidan bihotzean...!

2011/12/15

At the airport

Pi pi pi pi pi pi! zaratatsua kontrol arkutik igarotzean. Garbi zegoen gaizkile/psychokiller/terrorista aurpegia zuela. `Take off your shoes, please´. Poliziak metal detektorea pasa zion gorputz adar guztien gainetik. Poliziak eskuak besoetatik pasa zizkion, besoetan labanik izkututa ez zuela konprobatzeko. Poliziak eskuak enborretik pasa zizkion pistolarik izkututa ez zeramala konprobatzeko. Poliziak eskuak gerritik pasa zizkion, esprai pozoindu super hiltzailerik ez zuela konprobatzeko. Poliziak eskuak ipurditik pasa zizkion, bazoka izkuturik eramaten ez zuela konprobatzeko, agian. Poliziak eskuak hanketatik pasa zizkion antrax dosi ultra mortal izkuturik ez zeramala ziurtatzeko. `All right. Fine. You can collect your shoes know. Enjoy your flight! Next please!´
Txintxo-txintxo zapatak hartu eta boarding door-era bidean 5-6 urteko umeak bere amari: `Mum, why did the woman do that to me?´, `She just wanted to make sure you weren´t going to kill anybody my dear´. Ni beraien atzetik, boarding door-era bidean ere, aho bete hortz… 
-B-

2011/12/13

Leihotik

Atsegin zuen bakarrik bidaiatzea. Trenez, autobusez, kotxez... berdin zion. Entzungailuetan musika jarri eta leihotik begiratzea plazerra zen berarentzat.

Ez zituen bidaia oso luzeak egiten normalean, eta jakin bazekien ordu batzuk beranduago joandako bidetik itzuliko zela.

Baina leihotik begiratzen zuenean amets egiten zuen egunen batean ez zuela joan-etorriko txartelik hartuko, eta hegan egingo zuela. Sasi guztien gainetik, libre izango zela.

Nahiz eta espiral itogarriak ez zuela irentsiko hitz eman zion bere buruari, egunerokotasunak jan zuen. Barruan zegoen, bera ere konturatu zen horretaz, baina ez zuen heldulekurik ikusten.

Harrapatuta zegoen, eta bere besoek ez zuten indarrik korrontearen aurka borrokatzeko.

2011/12/12

Sufrimendua...

Sufrimendua, mina, hotza, izotza...
Sentimenduak ezabatu nahi dizkigute.
Baina hauek ezabatzea ez da gauza erraza.
Sentimenduek ez dute gure egungo "ctrl+alt+supr" alfabetoa ulertzen.
Norberaren erraietako barrenean errotutako maitasun, berotasun, goxotasun eta sentimenduek irabazi ohi dute gehienetan.
Baina sufrimendua uxatzeko dependentzia eta loturen haustura edo galeran omen dago gakoa.
Nahia eta beharra gauza bera ez direla ohartzean omen dago gakoa.


-Xaukenaxauk-

2011/12/11

Bidebarrietan...

Emakumea, zer daukan bihotzean, izotza? Sartu garenetik estudio gela honetan, Kanten Arrazoimen Puruaren Kritika aztertzen, ez dun nire begiradei kasurik ere egin, nire albotik pasatzen haiz ni beraren begietan begirada jartzea merezi ez duen burdin forjatuzko estatua banintz bezala. Hori al da estudioa eta filosofia? Atenea birjinaren apaizgoa?

Areago, liburutegi artifiziotsu honen munstroaren sabelean sartzera eta kontaktu edo laztan ñimiñoena ez izatera kondenatu naun hi, kondenatu dit Kantek. Hankako muskuluen atrofiatzean, atzamarren gehiegizko estimulazioa, besoak argal, birikak eztul egile eta azala zurbila, hori al da kantiarra izatea?

Haatik, nire birikek nahi dute beraien kutxaren osotasuneraino zabaltzea, burdinola batetako hauspoak bihotzaren labean su gorriena irazekikotan, eta maite haudala, ez poetek diñoten bezala, baizik eta txakurrek maite duten antzera, oihukatzea eta zaunkatzea estante eta liburu kaiola honen isiltasunarekin akabatzearren. Bidebarrieta ikaraturik! Halere, esan behar didan morroi beroa naizela, arraza Mediterraneokoagoen garra daukadala gorputzean piztuta.

Baina, hik, andrea, Ipar Poloko glaziar hotzenaren izotz ezkatak ditun hire bihotza ezkutatzen!

2011/12/08

Azalekoa

Laztanak hemendik, muxuak handik. Emaidazu besarkada bat, arren. Maitasun idilikorik gabeko sexuak asetu egiten zuen, azalaz barneragoko sentimendurik gabe. Nahikoa zuen hori bere beharrei jaten emateko, maitatua izatearen sentipena benetakoa zela sinisteko, momentu batez behintzat.

Nahiago zuen hala izatea, inor mintzeko arriskurik ez izateko.

Nahiago zuen hala izatea, inork bera mintzeko aukeren zirrikitu guztiak estaltzeko.

Margozten...

...zuen bakoitzean ahotsek esaten zioten zein zen marrarik ederrena, zein zen kolorerik biziena, zein zen zertzeladarik zuhurrena. Magia egiten zuen pintzelarekin. Mirariaren mesedea eskaini zioten aingeruek bere eskuei. Bizitzak hain gogor kolpatu izan ez balu agian jenio zoro beharrean artista ospetsu behar lukeen; batek daki. Baina berak misio bat zeukan, ahotsek agindu zioten, eta ahotsek ez zuten inoiz gezurrik esaten. Margoztu! Margoztu! Eta berak aingeruen hitza sinesten zuen. Miraria lientzoa eta lientzoaren miraria begi aurreko ikuskizuna. Izatearen agerpena, agerpen misteriotsua, izatea bera bezala. Belarrietan agertzen zitzaion eta pintzelak ematen zion presentzia. Hitzik ez zuen behar. Izateak ez du hitzen beharra; izatearen egia, artea.

-Eguzkiñe B.-

2011/12/07

Hizkuntzek ez daukate...

inor ezertara derrigortzeko ahalmenik
inor baztertu edo gutxiesteko ahalmenik
ideologia propio bat izateko ahalmenik
inorengandik ezer espero izateko ahalmenik
inorenganako aurreiritzirik izateko ahalmenik
hitz egiteko ahalmenik

Ahalmen guzti hauek gizakiok dauzkagu eta geuk erabiltzen eta erabili ahal ditugu.



-J-

2011/12/05

Pandemonium

Gaur nire identidad nacional-a berriz indarrean jartzera joan naiz, esan gura dut Documento de Identidad Nacional-a joan naizela berriz indarrean jartzera. Policia Nacional-aren egoitzara heldu naizenean, begia jo nau zerbaitek: karneta egiteko bi ilarek. Batean, hainbat herrialdeko atzerritarrak, bestean, bertakoak. Guztiek ilara batean zein bestean goizeko zazpietan logaleaz eduki daitekeen aurpegi garbienarekin. Eta zein ilaran jarri behar dut? Egingo al didate identidad nacional honen konplize?-norbaitek norbaiti nire buruan.



Hasteko bururatu zitzaidana ez zen ez biderik, ez zilegi: amorruzko gorrotoa. Gero, ideia hobeago bat otu zitzaidan: amorruzko amodioa. Enpedoklesek mundua bi sorburu horiekin azaltzen zuen, hain zuzen, amodioa eta gorrotoa, indar bateratzaile eta barreiatzailea. Hala, pellokeria hauetaz arduraturik erabaki nuen poetikoa izango litzatekeela han bi ilaratan geunden pertsonak situazio zehatz horretatik at berriz elkartzea sutondo baten inguruan afaltzen. Su-lagun bakoitzak bere lurraldeko jaki, alkohol eta drogak ekarriko lituzke, partekatu eta bere kultura gastronomiko eta psikotropikora hurbilduko luke bestea: hachish, harepa, yuca, zerbeza, ahuakate, patata-tortilla, kinoto, chinese noodles, paella, cocaina, ardoa, hayaguasca, whisky, mango, alfajor eta abar. Esku eta hankak mundu osoko musika-tresnekin estimulaturik hasiko litzateke dantzan, sutondoko dantzan, eta hor biluztuko ginateke. Orduan norbaitek, ur kubo bat botako luke sutondora eta katarsi horretan murgildurik sexu orgiastikoa hasiko litzateke kolore gabeko alu eta zakilen jaialdian.

Egunsenti horretatik aurrera, zein ilaran kokatuko lirateke gau horretako ondorengotza? Goiztiria garbitzaile, iraultzaile eta erredentore. Etorkizuneko gauzen orden berria, mulatoa.

2011/12/03

Arrangizgañe

"(…)Arranondorako zalpurdia artu ta urten eban, Bilbotik orduan urteten zan lez, Atxurin gora, Miraflores-tik zear, Zubi-barriruntz. (...) Zornotza aldeko baserritarrak ezeutsien garrauzi andirik emoten arrantzalien ondamenari, edo ezebien oraindik ezer jakingo... Ez, ezeuen jakingo; baña jakindakoan be, orduantxe ziarduen legez jardungo euen lanean... Bearrak eragin. Itxasaldeko ondamena gora bera, gauza guztiak euren bidean joango ziran. Bestien naigabeak min emonarren bakotxak geure arretak izan daroaguz...

An ikusten eban Mañasik, aurreratxoago, Anbotoko atxa, gogorra, legorra, arrizko biotzduna, gizonen gauzakaitik ardurarik ezeutsana... (…)

An agiri zan, gañera, Urkiolako baselizea. Baseliza orretan, Done Antonio miragillearen bitartez, ainbat euskaldunen zauriak sendatu zirean, ainbat samiñak ezti biurtu... (…)

Durango aldean bekien nunbait albiste dongea, zerren erri atako gizadi onak izu ta baltz egozan, aldratxoetan, iñoiz ez legezko jardun bizi arduratsuan...

Arrangiz gañean negarrez ikusi euen gure zalpurdikuok bide-ostatuko andrakumetxo bat, ostatu orretan sarri gelditu oizan astodun baten semeak ito ziralata..,

Markiñan barriz guztizko kerizpe ta illuntasun andia idoro ebien; bada Markiñarrak Arranondotarren lagun andiak eidira beti."

AGIRRE, Domingo: Kresala.
1906.


Andrakumetxo hori, kasik seguru, Sebastiana Gisasola Unamunzaga zen, hau da, geure aitaren ama. Arrangizgañe horri Trabaku Goikoa deritxogu gaur egun.


Arrangizgañe

-Angel Zelaieta-

2011/12/01

Zoologikoan

Beraren aurrean jarri nintzen. Une batez begiratu zidan, zeharka. Nireganantz etorri zen. Beraren begietako hondoa marra gorri batzuek zeharkatzen zuten, izar itxura osatuz. Pentsatu nuen alde egingo zuela, espezie horretakoak ezbaitira lasai egoteko gauza. Baina ez, nire parez pare eseri zen. Ni harrituta. Burdinazko barroteak baino ez zeuden gure artean. Erakarri ninduen beraren begiradak, eta ni neu ere eseri nintzen azkenean. Bekoz beko biak eserita. Elkarri begiratu genion. Alabarekin jolasten nintzenekoa hartu nuen gomutan, “elkarri begira gaudela, ea nork irauten duen denbora luzeago barrerik egin gabe!” Beti irabazten nion alabari. Baina egun hartan prest nengoen barre egiteko edo zein unetan, gorilaren gorilakeriaren baten zain nengoen-eta. Jolas bitxia iruditu zitzaidan. Baina berak tinko eusten zion soari. Begietako izar gorrietan kolore berdea ikusi nuen han nonbait, hondo-hondoan, piztu, itzali, piztu, itzali balego bezala. Serio egiten zidala so sumatu nuen. Jolasteko aukerarik ez zegoela garbi zegoen. Begiradari eutsi nion. Berak eskuarekin bere kokotsa ferekatu zuen. Ni neu ere serio jartzen hasi nintzen. Eskua nire kokotsera eraman nuen. Bere gorputz sendoa zertxobait mugitu zen, erosoago jartzeko asmotan-edo. Ni deseroso nengoen, gero eta deserosoago. Ezin eutsi, postura ezin hartu.
Biak eserita, begiz begi.
Eta burua makurtu nuen. Altxa nintzen, eta, aldentzen ari nintzela, zeharka ikusi nuen gorila beltzak nire mugimenduak jarraitzen zituela, eserita, sua zerien begi haien bitartez. Irteten ari nintzela, burua jiratu nuen, eta gorila handia altxa zen. Zeruari begira, izugarrizko orroa bota zuen, ukabilez kolpe latzak jotzen zituela bere bular puztuan..
-Agusti Arrieta-Urtizberea-