2012/02/27

Aldera ezinak direnen alderaketa

Sentsazio guztiz ezberdinak dira. Badakit, eta badakizue, alderaketak gorrotagarriak direla, baina nahi barik egiten dugun zerbait da. Batzuetan beharrezkoa dena, gainera.

Oso sentsazio ezberdinak dira hura eta hau. Bata urduritasuna, ezinegona, bestea baretasuna. Olatuen kantua. Joan etorri gozoa. Guztiz kontrakoak.

Bata iragana eta bestea oraina, dena ondo joanez gero Etorkizuna bilakatu daitekeena. Sentsazio berriak ekarri dizkidan oraina. Ezagutzen ez nituenak. Iraganak eman ez zizkidanak. Iragana ahazten eta etorkizuna imaginatzen lagundu didan oraina.

Aldera ezina.

Iraitz Madariaga

2012/02/24

Maskaren azpian


Duela bi aste ezagutu zintudan, eta “zer diozu?!” galdetu nizun harrituta, herrian bertan bizi zinela esan zenidanean. Halakoetan gertatu ohi dena da, sekula ez ikustetik, egunero alde guztietan aurkitzera pasatzen zarela. Ez zintudan buruan, gutxiago mozorroen gau desiratuan. Bataz eta besteaz barre egiten nuen jendearen mozorroak ikustean, batzuen injenioak ez baitu mugarik! Hori pentsatu nuen neanderthal gizakien antzera jantzita zebiltzanak ikustean: alde batera eta bestera gorputza okertuta korrika zebiltzan txarangarekin joan etorrian. Paperean benetan sartuta zeuden, eta hori da mozorroek duten xarma, beste norbait zarela sinestu eta antzeztu dezakezula. Segituan utzi nion, baina, barre egiteari, burua altxatu eta gugana begiratu zenuenean. Han zinen zu, ile narratseko peluka ta zaku horrekin! Gertatu behar zuen. Gure begiek topo egin zuten bi segunduz, bi mende iruditu zitzaizkidan... Nahikoak izan ziren ezagutu ginenean egindako guztiak burura etortzeko, eta konturatzeko ezetz, mozorrotuta dagoenetik barruan ezkutatzen den horretaraino, ez dagoela tarte handirik.

2012/02/22

Ez Jakin


Irri bat soilik gogoratu atzoko gau hartatik,
ez jakin bihar esnatuko naizen.
Askatu, biluzi eta jakin gabe zergatik,
itzali iritzi, beldur eta izen.

Minutu honek eskainiko diten,
tanta bakoitza bahitu bakarrik.

Zalantzaren erritmoan abesti hau dantzatu,
ez jakin bihar non izango zaren.
Bukaeren hasierekin betirako bukatu,
parekorik gabeko ilargi gau baten.

Nirea ez dena hortzaka jaten,
gaurko egien kolorea asmatu.


                                                                            @landerabr

2012/02/18

Ez da jada zure urtebetetzea


Zure ahotsak ezetz esango du
baina bihotzak berezko gurariak ditu
zure ahotsak ezetz esango du
baina bihotzak beste bihotz bat du bere baitan

Ez da jada zure urtebetetzea
Ez dugu zertan jator izan behar zurekin
Zu irribarrez, gogotsu ikusteko gogoa
joan zaigu dagoeneko

Ez da jada zure urtebetetzea
benetan sinistu zenituen
xarabezko kontu sentimental horiek guztiak?
...esan genizkizunak?

Ezin da eman
beraz, hartu egin behar da
ezin da eman
beraz, hartu egin behar da

Ez da jada zure urtebetetzea...

Eman dizkizuten opari guztiak
ezin zaizkio konparatu
ematen dizudan maitasun honi
hementxe oraintxe zoru honetan

Ez da jada zure urtebetetzea
ez dugu zertan jator izan behar zurekin
zu irribarrez, gogotsu ikusteko gogoa
joan zaigu dagoeneko

Ez da jada zure urtebetetzea
benetan sinistu zenituen
xarabezko kontu sentimental horiek guztiak?
...atzo esan genizkizunak?

BENETAKO ADISKIDETASUNEAN SINESTEN BADUZU HARTU ETA ITSATSI HAU ZURE LAGUNEN FACEBOOKEKO HORMAN BEREN URTEBETETZEA IZAN ETA 24 ORDUTARA.

(Hitzak: Morrissey, abestia: It's not your birthday anymore) // Itzulpena: Luistxo)

2012/02/15

Atmosfera

-Esan behar dizut hilabete hauek pasaturik berriz topo egin dugunean inoiz baino ederrago ikusi zaitudala.

-Benetan! Niri berdin gertatu zait, hain lirain ikusi baitzaitut...-berak esan zidan, txahal begiz so egiten zidala, irri xumea ageri muturrean.

Hor, bion artean, ez zegoen momentuko egi fenomenologiko hori baino zerbait egiazkoagorik, bera printzesa pretziosa diamantina, ni caballerotsu printzipe elegante. Hor, bion artean, ez nion kasurik egin belarrira jotzen zidan kilker horri, kri-kri ia aitu ezinaz zioena xarma hori gure gorputzetako hara nonbaiteko fisiologia iturburu zuen engaÑua zela.

2012/02/13

Bakardadearen apologetei

Bestearen presentzia da bakoitza bere batasun-az ohartarazten duena. Eta bestearen gertutasuna eta marruskadura da bataren, norbanakoaren suizidioa dakarrena. Izan nahi dugu, baina zaila da bat izatea besterik gabe. Beraz, nahiago dugu ez izan eta besteengan galdu. Ba al dago izateko beste formarik besteengan galtzen gerenako ez-izate hori baino ez denik? Agian bat izateko forma bakarra dugu besteengan izatea… Bestearen izate erradilkalki bestekotu horretan bakarrik aurkitu dezakegu nitasun hori... Bestearen inbasioan eta norbanakoaren nahi gabeko desestaltzearen erreflexioan dago nitasunaren locus-a. Nitasun iheskor, mugikor, aldakor, amaigabekoa. Pentsamenduek dakartzaten eta hitzek daramaten kontzientziaren ilusioa, nitasuna.

Ba al da posible bestearen presentziari muzin egitea? Ala norbanakoaren suizidio etengabekoan bizitzera dago kondenatua norbanakoa bestearen besarkada xamur bezain hilgarrian ez-izanez? Hori galdetzen diet nik bakardadearen apologetei…


-Eguzkiñe B.-

2012/02/10

Hortu

Ortu batetan pentsatzen dudanean euskaraz ortu eta lorategi artean gauzatu den ezberdintasuna ahaztea gustatzen zait, kontzienteki ekiditea. Burura datorkit latineko klaseetan hortus, horti itzultzen genuenean, testuinguruaren arabera “lorategi” edo “ortu” euskaratzen genuela. Latinak botere liturgiko bitxia dauka nire menean... Gaurko desira: Lur-sail txiki eta ezkutu baten jaun eta jabe izatea. Bertan landatzeko, zaintzeko, ernatzen ikusteko laranjondo andaluz, geranio gitano, piper pikante, tipula umil, kamelia japoniar eta hainbat, hauen fruitu, sustrai edo lore gozoez disfrutatu ahal izateko!


Eta aurkituko nuke baztertxo bat marmolaren erreminizentzia faltsua lukeen eskaiolazko irudi bat jartzeko, bular zurizko jainkosa baten figura irudikatuko lukeena eta urtero gereziondoaren lore eztanda zuri-larrosa ostean, igaliaren gorriaz urdinduko nizkioke ezpañak, idilioaren eta gezurraren artean ene hortus-ean. Beatus ille...

2012/02/08

Beranduegi


“Xabieeeer!”. Ahotsa ezagutu arren ezin zion aurpegirik jarri, mozkorregia zegoen. Euria gogotik ari zuen; ur-tanta gardenek aurpegiaren kontra talka egin eta espaloira jausten ziren, gorri koloreko putzua osatu arte. Begiak itxi zituen, ordu erdi lehenago mutil-lagunaren etxean gertatutakoa ahaztu nahiko balu bezala. Beranduegi.

Urratsak; ozenago, gertuago.

Begiak itxi zituen, berriro. Errukia, atsekabea, damua. Alferrikako sentimenduak. Beranduegi.

“Ondo zaude?” Ahotsari aurpegia jarri zionean ihesi joateko tentazioa izan zuen. Ez zen ausartu; koldarregia zen.

Begiak itxi zituen, hirugarrenez. Oraingoan ere beranduegi. Inoiz ikusi nahiko ez lukeen koadroa marraztu zion memoriak. Aurpegi desitxuratua, esku odoleztatuak,  sufrimendu oihuak, herioa, atearen danbatekoa…  

“Esaiozu aitari ama konbentzitu dudala zuen ezkontzara joateko”.

-Azkona9-

2012/02/05

Aneri


Saiatzen naiz, eta lortzen dudala ere esango nuke, baina zaila zait zuri gogor egitea. Bihotzean zaitut, eta entzun nahi ez dituzunak esatea ez da batere goxoa niretzat. Baina hori da bide bakarra; hori, eta noizean behin tontakeriaren bat esan edo pailazoarena egitea. Hori errez egiten dut, badakit, irribarre polit hori marrazten baitzaizu aurpegian.

Erortzen ikusi zaitut, mila bider, eta ziurrenik ere gehiagotan ikusiko zaitut hondoa jota. Eta irrist egiten duzun bakoitzean hor izango naiz ni zuri eskua luzatzeko, egindako zauriak sendatzeko, horretan saiatzeko, behinik behin. Ez baita erraza hitz egokiak aurkitzea. Ezta zure begietatik etengabe malkoak nola erortzen diren ikustea.

Pausoak, ordea, norberak eman behar ditu. Hasi zara ibiltzen, eta jarraituko duzu. Berdin da zenbat denbora behar duzun ez erortzen ikasteko. Berdin dit. Garrantzitsuena altxatzen ikastea baita, eta jakin badakit badakizula nola egiten den.

Telefono dei asko gelditu(ko) dira egin gabe, mezu asko idatzi gabe. Baina laguna zaitut, eta horrekin, ez dut beste ezer esateko beharrik. Nire besoak beti egongo dira behar duzun guztietan zu besarkatzeko.

2012/02/04

AbAbstemioa


Bere buruari plazera bat ukatzearen tentazioan erortzen den pertsona indargabea.

Ambrose Gwinett Bierce-n iritziz

2012/02/02

Salvador Dalíren gizontasunaren lehen ilea


Nerabezaroa gorputz-ilearen jaiotza da. Nire kasuan, gertakari hau bat-batean gauzatu balitz bezala, uda goiz batean, Rosas-eko bahian, jazo zen. Beste ume batzuekin biluzik igerian ibili eta eguzkipean sikatzen ari nintzela. Supituki, nire ohiko laketasun nartzisistarekin gorputza behatzen ari nintzelarik, ene azal pubiko zuritsu eta delikatua bere osotasunean estaltzen ez zituen ileak ikusi nituen. Ile finak ziren, batzuk besteengandik oso aldenduak, baina hala ere bere luzera osoan hasiak eta nire zilborresterantz zuzendurik gora zihoazen. Horietatik bat, besteak baino askoz luzeagoa, zilborreste beraren erdi-erdian ernatu zen.

Ilea hatz lodiaren eta erakuslearen artean hartu eta arrankatzen saiatu nintzen. Mingarri eutsi egin zion. Indar gehiagorekin tiratu eta eskuratu nuenean begiratu eta ilearen luzeraz liluratu nintzen.

Nola zitekeen posible hain sarri begiratzen nuen gorputzean, niretzako sekreturik gabeko horretan, horrelako ile luzea hasi izana konturatu gabe?

Ile horrekiko jelosia gozo eta ez argia loratzen hasi zen nigan. Zerua aurrez nuela behatu nuen ilea... eguzkiaren errainuek dir-dir eginarazten zioten; urrezkoa izango balitz bezala, kolore guztiekin apaindua, betazalak erdi-ixten ditugunean eta betile argitsuen artean mila eta bat ortzadar ikusten direnean bezalaxe; horrela ikusi nuen nire gizontasunaren lehen ilea.


Salvador Dalíren El primer vello de la hombría testuaz moldatua



2012/02/01

Distantziatik erori


Hatza gora zuzentzen duzu eta esaten didazu “hortik, hortik erori nintzen”. Nik “hori gutxienez hiru metro dira”. Barre egiten duzu, diozu “zuk horrela uste baduzu...”. Distantziak askotan ez dira metrotan neurtzen, esaten didazu, ustezko hiru metro horiek distantzia askoz handiagoa direla, eta pixka bat “erortzen utzi” zinela. Hura joan egin zitzaizulako agian, edo urrundu behintzat, eta erori besterik ez zenuela nahi, erortzen utzi. Joan zitzaizulako maite zenuen hura zuk nahi baina urrutiago, eta hori iruditzen zitzaizula munduko distantziarik handiena. “Hiru metro, pss, zer ote dira hiru metro, benetako distantzia luze horrekin alderatuta”. Jendeak esaten dizula, en lo malo-malo ez zaizula ezer pasa, eskaiolak kentzen direla, berriz ibili ahal izango duzula, mina pasako zaizula.
Eskua estutzen dizut gogor, ez dakit horrelakoetan zer esan, eskua estutzen dizut, arrazoi duzulako, eskua estutzen dizut nire isiltasunak zerbait esan dezan.

Hatza gora zuzentzen duzu eta esaten didazu “hortik, hortik erori nintzen”, eta ez dagoela eskaiola ez morfinarik min hori baretzeko adinakoa.

-Gorputzgrafia-