2013/10/30

Munstroa eta berpizkundea

Nork daki zer ote zuen Franstein doktoreak buruan munstroa sortu zuenean. Pertsonengandik hartutako zatiez osatutako munstroa. Gizaki puzzle adoragarria ulertu ezin zituen emozioen biktima izan zen. Munstro hauskor eta infantilak ez zekien ezer gizakion gorrotoari buruz.


Gizakiak munstroa segitu eta errotan erre zuten, munstroa izateagatik, bihotza edukitzeagatik erail zuten. Zein da munstroa, sortzailea ala bere lanaren ondorioa?
Gizakion puskez elikatzen den munstroa berpiztu egin da.

2013/10/29

Poltsikoak Hutsik


Poltsikoak hutsik ditut berriz. Bizitzan birritan bakarrik gertatu zait hori. Atzera begiratu eta azken urteetan egin dudanak ezertarako balio izan ez duela pentsatzeak… Adoleszentziako lehen amodioa galdu nuenean gertatu zen hori lehen aldiz. Erromantizismoa, ekaitza eta bultzada!

 Poltsikoak hutsik… Alabaina, katastrofista jarri behar ez dudala errepikatzen dit behin eta berriz amonak. Berak Bermeon Gerra Zibilaren osteko egoera gatza – eta hori bai latza! - bizi izan zuela, jatekorik dugun bitartean garai honetako gazte milindrisak –milindris-milindrisak- kezkatu behar ez dugula eta lana berez etorriko dela erraten dit beti.

Gerraostearen leÑukoek, aitona-amonek, oro bikainagoa zen aura aeris batetatik ekarri izan balituzte bezala, basikoagoak, primarioagoak eta gogorragoak dirudite.

Artean 18 urteak bete gabe, amona kontserba-lantegian lan eta lan ibiltzen zen. Arrainak bere eskuekin garbitzen zituen eta arrain-salda batekin etxeko ekonomia laguntzeko amantalaren poltsikoetan sardina edo antxoen buru eta barrukiak gordetzen zituen.

Eta nik poltsikoak hutsik…
Tituluak eta tituluak pilatuz, itxuraz, arrain-hondarrek baino elikagai gutxiago dutenak.