2011/11/27

Return

Eta han zen bere pisua gainean zuela. Eta han zen arnasa hartu ezinik, pentsatu ezinik, sentitzen. Sentsazio pururik baldin badago horixe zen horietako bat. Aktualitate purua. Abstrakziorik ez. Reflexiorik ez. Handitasunaren kontrako txikitasunaren babesgabetasunaren lilura zen galbide eta botere. Bizipen sentsual hutsa. Animalitasunera itzulera, agian? Zenbatetan berreskuratu nahi izan zuen sentzazioen inozentzia hori? Hain zeukan barneratua gaitasun hori luze galdu zuela... Gorpuztasunera itzulera, gorpuztasun hutsa. Definitiboki mundu sentsuala abstrakzioen munduak eskaini ezin ziezaiokeen plazeren iturri zen. Bazekien hori soberan, baina ez zuen aldez aurretik teorian zekien ezer praktikan era hain emankorrean frogatu. Azala ez zen jada pertsonak kontenitzen dituen organo zabala. Azala hatzamarrek ukitzen zuten beroa zen; azala begiek desiatzen zuten urrea zen; azala espainek dastatzen zuten izerdi gazia zen. Primitibotasun zoragarria, sensualitatearen sofistikazio miresgarria, azala. Galbidearen hasiera, zoramenaren hazia, sentimenduaren kondena gupidagabea. Arrazoiaren heriotzaren kaltetu eta lekuko berriz ere.

-Eguzkiñe B.-

2011/11/26

Pesimismotik

Gainezka egiteko puntuan zeuden bi zenizeroak idazmahaiaren gainean; bakarra izan balu, gehiagotan altxa behar bailuke haiek ustutzera.

Mahai gainean orri txuriak zirriborroz betetakoen ondoan zeuden, baita puntarik gabeko arkatzak ere nonahi. Amak oparitutako flexoak erakutsi baino ezkutatzea nahiago lukeen baliogabeko gauzak bistaratzen zituen. Baina egia esate aldera, ezer gutxi axola zion narraskerian bizitzeak.

Handia zen idazmahaia: ordenagailua, bata bestearen gainean pilatutako liburu, eta bertan egon behar ez luketen gauzez betetzen zuen. Guzti horren azpian apenas ikus zitekeen egurraren zantzurik.

Urteak ziren gonbidaturik izan ez zuela etxean, eta berak ere derrigorrezkoa zitzaionean soilik zapaltzen zuen asfaltoa: tabakoa eta jatekoa erosteko bakarrik janzten zituen zapatilak.

Egunak joan, egunak etorri, orri txuriak hitzez betetzen saiatzen zen. Baina idazten zuen guztia apurtzen zuen gero. Sortzen zituen istorioak grisak, motelak eta aspergarriak ziren. Horregatik puskatzen zituen guztiak.

Jendarteak erakarri edo beldurtu baino, nazka ematen zion. Oso noizbehinka egiten zituen irtenaldi haietan konturatzen zen zergatik utzi zion duela denbora bat garai batean lagun izandakoei deitzeari. Aspaldian ikusi ez, eta kalean aurkitutakoek agertzen zioten poz faltsua gorroto zuen. Halakoak, gorren arteko hitz trukaketak zirela pentsatzen zuen, eta gogoratzen zuen nola irten zen azkeneko aldian berdina sentitu zuen.

Tristea zen bere munduan itxita gelditzea, berak ere bazekien hori, baina besteei irekita omen daudenen horienganako inbidiarik ez zuen sentitzen. Kanpora begirako mundu hori, berak sortzen zituen istorioen antzera, pertsona gris, motel eta aspergarriez betea zegoen.

2011/11/21

On Rodrigoren erromantzeak

Famila ala patria? Gaur aberiguatu dut Romances de Don Rodrigo irakurtzen, Zeutatik etorri zela Julián kondea, moroetatik akonpañatuta, bere alaba bortxatua mendekatzearren España saltzeko. Cava bortxatu baitzuen Erregeak.

Pensó la Cava estar sóla,

pero la ventura quiso

que entre unas espesas yedras

la miraba el rey Rodrigo.



Eta horrela galdu zen España, aberriari traidore eta familiari fidel zen gizon baten eskuetan, traizionaturik. Errege batek ez zekielako bere hankatarteko sugearen apetak kontrolatzen. Gurasoek beti direlako guraso, Julián kondeak ekarri zituen moroak. Bai, moro zikinak, hain fama txarra duten horiek, Al-andalusekoak zeintzuek garaiko astronomia, matematika, urbanismo, nabegazio eta agrikultura garatuena sartu zutenak Iberiar penintsulan. Zikinak! Zeinek nahi du progresua Españan!


Eta erromantzean On Rodrigok zortzigarren bataila galdurik, mendi-gailur batera igo eta tontor guztiak ematen duten ikuspuntu alejatutik, elebatutik, inpartzialetik, bere erreinu galduari so egiten dio eta Heriotzari abestu:


¡Desdichada fue la hora,

desdichado fue aquel día

en que nací y heredé

la tan grande señoría,

pues lo había de perder

todo junto y en un día!

¡Oh muerte!, ¿por qué no vienes

y llevas esta alma mía

de aqueste cuerpo mezquino,

pues se te agradecería? 

Bizitzaren hutsaltasunaz jabetu da! Atzo jaun, atzo errege, atzo jabe, gaur ezjabe, gaur behartsu, gaur pobre. Suizidioa desiratzen du Rodrigok... hala eta guztiz ere, erromantzeak amaiera kristaua dauka, eskerrak mendietan ermitau bat bizi dela. Errebelazio bide, honek esaten dio, penitentzia jasotzeko zulo batean suge batekin etzantzea zigor duela. Azkenik, istorioaren gailurrean eta On Rodrigo hirugarren eguna daramala etzandurik, errege ohiaren bizitzarekin amaitzeko eta barkatua eta zerura joan dadin, sugeak kozka egiten dio Cavari kozka egin zion erregearen sugeari... eta Amen!

2011/11/15

Izendaezina

Ez-lekua da nire lekua. Ez-nia naiz `Ni´. Margena. Limitea. Tokirik gabeko tokia eta hitzik gabeko berba. Esan ezin diren `gauzak´. Pentsamendu artikulaezina. Poesia. Atzerrian naiz etxekoa eta etxean sentitu atzerritar. Ez garena behar izan garena izateko. PersonaK naiz `Ni´. Ez mugaz barrukoa, ez mugaz kanpokoa, muga baizik. Naizenaren distantzia da `Ni´

-B-

2011/11/12

Ausentzia

Birikek derrigorrezko zuten oxigenoa zuten eskuratzen; odolak bere bidea zuen hartzen bihotzak inposatu taupada bakoitzean. Gorpu hura ezkutatzen zuen estalkia ez zen nahikoa azal laztu hark goxotasunik senti zezan.

Gorputza inerte, burua hutsik. Ohean etzanda zegoen, begirada lau pareta horien arteko punturen batean iltzaturik, zerbaiti baino, ezeri so.

Berunezko sentitzen zen ohearen aurka; grabitatearen indarrak irabazi zuen ezbairik gabe gerla hura. Bandera zuria zuten astintzen gorputz haren organoek, ia zirkinik egiten ez zuen giza itxurako gorpu horren izatea bermatze aldera.

Albo batera uzkurtuta, malkoek, lotsarik gabe eta balentria handia erakutsiz, sudurraren aurka borrokatuz, aurpegi zurbila gurutzatzen zuten ezker-eskuin. Hainbeste desio zuen hori erdiesteko gaitasun ezak baino ez zuen pizten ezerezaren erdian abandonatutako gorpu habaildu haren bizitzeko grina.

Balarik gabe geratutako pistola zen, ordea, eta inoiz izan ez zuen zerbaiten ausentziak odolez zizkion hustutzen zainak, eta erritmoz gabetzen bihotza.

2011/11/10

Oroitzapenak

Hanketako behatzetatik hamar zentimetrotara gelditzen zen itsasoko olatuen joan etorria. Hala, orduak, egunak ematen zituen Santa Klara uharteari begira. Irribarre lotsatia marrazten zitzaion aurpegian irla hartan pasatako momentu ahaztezinez oroitzen zen bakoitzean.
Gauaren txanda heltzean zigarro bat pizten zuen, giro hotzari hortzak erakutsi asmoz. Etxera joan ohi zen gero, eta hurrengo egunean beti itzultzen zen, beti leku berdinera.

Lehen Oihana egon ohi zen berarekin. Berarekin igarotzen zituen orduak irla hartan. Mundu berriak sortzen zituzten elkarrekin, ezinezkoak ziren guztiak erreal bihurtuz. Barre eta laztanek betetzen zituzten egun haiek, eta, haien ordez, hasperenak ziren protagonista nagusi orain, Oihana joan zenez geroztik.

Bere buruaz beste egin zuen Oihanak, bat-batean, besterik gabe, agurrik esan ez eta eman gabeko musuak betirako itoz. Duela ia bi urte izan zen hori, baina Anek ez zuen esperantza galtzen. Oihana berarekin zegoen, ondoan egon ere, erotzat zeukatenen artean indarra emateko.

Ez zen tuntuna, begiekin ikusi zuen bere maitea odol putzu hartan hilik.

Bare zegoen itsasoa. Anek sakon hartzen zuen arnas. Bere inguruan, harea eta farolen argia besterik ez zituen. Beti gainean izaten zuen larruzko motxilari begiratu zion. Erabiltzen ez zituen trastez betea izaten zuen beti. Hala ere, ez zuen denbora gehiegirik behar izan bilatzen zuen hori aurkitzeko. Zirkinik txikiena egin gabe, bost arte zenbatu, eta bere besoak zauritu zituen labana batekin. Segundo gutxiren buruan, harean etzanda gelditu zen. Itsasoa bezain bare, eta irribarretsu.


-Maialen-

2011/11/02

Fall In Love

Asfaltoan ipurdiak lotuak zituzten bi eltxo birrinduk atentzioa eman zidaten paseatzen nindoalarik distraitua. Arrayua, diptero bi horiek coitus-ean distraiturik harrapatu zituzten zapaltzerakoan! Hegoak ez ezik, hankatxoak ere nabarmentzen ziren grisean itsatsitako pegatina organiko eta erromantiko gris horretan. Beste paseante distraitu batek, edozertan edo bere bizitza zakarrean pentsatzen ari zelarik, bizitzarako hain emankorra zen akzio hori zapaldu izana litekeena zen; oinkadek ez baitute errukirik ezta judizio kritikorik, alegia, izaki bizidun batek aurrera jo dezan bortizkeri oro da zilegi, oharkabe. Bizirauteak beste bizitzak zanpatzea erregai du.

Ugaltzen ez bada, ad hoc ez da izaki bizia,-dio Biologiak-ugalketa teleologia biologikoa da, ondorioz deontologia ere. Nire ikuspegitik, ez legoke txarto azken arnasa ematea ene espezieko beste gai bati ipurdia lotzen ari naizela distraiturik.

Bi moskito maitemindu horiei ez zaie idatziko dramarik...