Artea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Artea etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012/03/02

Haurduntzaren munstroa (II)

Badirudi gizadiaren historiako kultura oron bizitza berez soilki eta bakunki balio positibotzat hartu dela. Soilki, bakunki eta berez heriotza negatiboa. Bizitza eta heriotza (asasinatzea) laban egartiaren leon-kastillo direla, bata bestea gabe ezin izan, ahazturik. Dikotomiak histuko balu biologia. Fikzioa batzuetan egiazko diskurtsoekin konparaturik errealitatearen erreflexu zintzoagoa emateko gai da.


So egin dezagun Ridley Scott-en Alien (1981). Munstro exotiko horren jaiotzak asasinatzea du oinarri, sortzen denean haurdunaren sabela lehertzen du bera erail araziz. Estralurtar bizitzarentzako heriotza ongarria da, alabaina, ez-fikziozko Lurrean ere, harriak edo petrolioa jatera ohitzen garen bitartean, elikadura erailketa dakartza halabeharrez. Biologian munstrokeria ikusten duenak soilki, bakunki eta berez ez du ikusten bi alderanzko prezioa.

Anselm Kiefer-en lanak hausnarketa hori dauka ere sustraietan eta ikuskera honetatik abiaturik II. Gerrate Mundialeko suntsipen osoa sormen berriarentzako ongarri da. Eraile ez den bizitzarik al dago?


2012/02/02

Salvador Dalíren gizontasunaren lehen ilea


Nerabezaroa gorputz-ilearen jaiotza da. Nire kasuan, gertakari hau bat-batean gauzatu balitz bezala, uda goiz batean, Rosas-eko bahian, jazo zen. Beste ume batzuekin biluzik igerian ibili eta eguzkipean sikatzen ari nintzela. Supituki, nire ohiko laketasun nartzisistarekin gorputza behatzen ari nintzelarik, ene azal pubiko zuritsu eta delikatua bere osotasunean estaltzen ez zituen ileak ikusi nituen. Ile finak ziren, batzuk besteengandik oso aldenduak, baina hala ere bere luzera osoan hasiak eta nire zilborresterantz zuzendurik gora zihoazen. Horietatik bat, besteak baino askoz luzeagoa, zilborreste beraren erdi-erdian ernatu zen.

Ilea hatz lodiaren eta erakuslearen artean hartu eta arrankatzen saiatu nintzen. Mingarri eutsi egin zion. Indar gehiagorekin tiratu eta eskuratu nuenean begiratu eta ilearen luzeraz liluratu nintzen.

Nola zitekeen posible hain sarri begiratzen nuen gorputzean, niretzako sekreturik gabeko horretan, horrelako ile luzea hasi izana konturatu gabe?

Ile horrekiko jelosia gozo eta ez argia loratzen hasi zen nigan. Zerua aurrez nuela behatu nuen ilea... eguzkiaren errainuek dir-dir eginarazten zioten; urrezkoa izango balitz bezala, kolore guztiekin apaindua, betazalak erdi-ixten ditugunean eta betile argitsuen artean mila eta bat ortzadar ikusten direnean bezalaxe; horrela ikusi nuen nire gizontasunaren lehen ilea.


Salvador Dalíren El primer vello de la hombría testuaz moldatua



2012/01/07

Haurduntzaren munstroa (I)

Bizitzaren sorrerari izua adierazi duten H R. Giger-en munstroen parekorik  ez dago.  Jaiotzaren zentzu positibo tipikoa lanbroa gisara desegiten da suitzar margolari honen zertzeladen pean –hauek aerografoarekin badira ere-. Haurduntzak  estutasuna sortzen du Gigerren kontzientzia artistikoarengan obsesio bilakatu arte eta sexua, koitoa, emakumearen emankortasuna -superpopulazioaren, gerren eta ume soldaduen itzalak larrituak- hondamendi armak bilakatzen dira ikuslearen kontzientzian ere.

XXI. mendean merezi al du seme-alabarik izatea? Ez al da begikoa, gure nahi, gura eta laketa egozentrikoak eta homo sapiens sapiens espezierako grina baztertuz gero aintzat hartzea Gizadiak gorputzean galarazle hedatzen den infekzio edentsua balitz bezala zanpatzaile aurrera egiten duela munduan suntsipena estandarte?

Ugalkortasuna, makineri erraldoi, higuingarri eta munstrotsua.

2011/12/08

Margozten...

...zuen bakoitzean ahotsek esaten zioten zein zen marrarik ederrena, zein zen kolorerik biziena, zein zen zertzeladarik zuhurrena. Magia egiten zuen pintzelarekin. Mirariaren mesedea eskaini zioten aingeruek bere eskuei. Bizitzak hain gogor kolpatu izan ez balu agian jenio zoro beharrean artista ospetsu behar lukeen; batek daki. Baina berak misio bat zeukan, ahotsek agindu zioten, eta ahotsek ez zuten inoiz gezurrik esaten. Margoztu! Margoztu! Eta berak aingeruen hitza sinesten zuen. Miraria lientzoa eta lientzoaren miraria begi aurreko ikuskizuna. Izatearen agerpena, agerpen misteriotsua, izatea bera bezala. Belarrietan agertzen zitzaion eta pintzelak ematen zion presentzia. Hitzik ez zuen behar. Izateak ez du hitzen beharra; izatearen egia, artea.

-Eguzkiñe B.-

2011/11/26

Pesimismotik

Gainezka egiteko puntuan zeuden bi zenizeroak idazmahaiaren gainean; bakarra izan balu, gehiagotan altxa behar bailuke haiek ustutzera.

Mahai gainean orri txuriak zirriborroz betetakoen ondoan zeuden, baita puntarik gabeko arkatzak ere nonahi. Amak oparitutako flexoak erakutsi baino ezkutatzea nahiago lukeen baliogabeko gauzak bistaratzen zituen. Baina egia esate aldera, ezer gutxi axola zion narraskerian bizitzeak.

Handia zen idazmahaia: ordenagailua, bata bestearen gainean pilatutako liburu, eta bertan egon behar ez luketen gauzez betetzen zuen. Guzti horren azpian apenas ikus zitekeen egurraren zantzurik.

Urteak ziren gonbidaturik izan ez zuela etxean, eta berak ere derrigorrezkoa zitzaionean soilik zapaltzen zuen asfaltoa: tabakoa eta jatekoa erosteko bakarrik janzten zituen zapatilak.

Egunak joan, egunak etorri, orri txuriak hitzez betetzen saiatzen zen. Baina idazten zuen guztia apurtzen zuen gero. Sortzen zituen istorioak grisak, motelak eta aspergarriak ziren. Horregatik puskatzen zituen guztiak.

Jendarteak erakarri edo beldurtu baino, nazka ematen zion. Oso noizbehinka egiten zituen irtenaldi haietan konturatzen zen zergatik utzi zion duela denbora bat garai batean lagun izandakoei deitzeari. Aspaldian ikusi ez, eta kalean aurkitutakoek agertzen zioten poz faltsua gorroto zuen. Halakoak, gorren arteko hitz trukaketak zirela pentsatzen zuen, eta gogoratzen zuen nola irten zen azkeneko aldian berdina sentitu zuen.

Tristea zen bere munduan itxita gelditzea, berak ere bazekien hori, baina besteei irekita omen daudenen horienganako inbidiarik ez zuen sentitzen. Kanpora begirako mundu hori, berak sortzen zituen istorioen antzera, pertsona gris, motel eta aspergarriez betea zegoen.

2011/10/30

Isilunea

Isiluneak behar ditu gizonak eder izateko. Musika pieza ederrenetan ematen den gisan (non isiluneak ezinbestekoak diren on izateko), bizitzak ere, artelan bat besterik ez baita (ederra edo zatarra, Nietzscherengandik ikasi dugun lez), hori ere behar du eder izateko (eta hori behar du edertasunak berau izateko): isiltasunezko bitarte bat noizbehinka. Ez baita zoriontasuna “gauzarik” preziatuena edertasunarekin alderatuz, Aristotelesi apur bat kontraesanez. Ez naiz esteta, baina bai artista. Eta artistok ba omen diogu zorionak ez duela ezer balio edertasun ezean (Aristoteles bazen, hala ere, artista: Filosofoa zen); eta lilurak bezalaxe, arteak sorrarazitako benetako lilurak, gure barrenak (kanpoak baino) isilune onenak behar ditu eder izatekotan, askotan gizonei (gaur bezalaxe, beti) faltan izan zaien lilura-isiltasun lasai eta bizia.
-Julen Urbieta-

2011/10/17

Abangoardia

Armiarma zango luzea lorategiko armiarmaren sarean sartu eta presa eraman zuen berera. Lapurtuak bizkor jarraitu zuen lapurra. Hanka motzek, beraiek jositako sarean, abilezi zortzikoaz arin dantza egin zuten, zango luzearen sarera heldu arte. Han zorua beste neurriak hartzen baitzituen, harien arteko zuloa, hutsunea, handiagoa baitzen. Jausi gabe ez zegoen jarraitzerik eta lorategiko armiarma etsirik eta sabel hutsik itzuli behar izan zen bere sarearen erdigunera, beste bazkari baten zain.

Zein izan zen beste armiarma baten sarera lapurtzera sartu zen lehen armiarma? Horrena bai abangoardia!

Artista abangoardistek horrela ere funtzionatzen dute. Iraganaren saretik bilatzen dute zer bere sareetara eraman, zango behar bezain luzeekin besteek ezin jarraitu ahal izateko. Batzuetan hanka laburrek abangoardiari heldu egiten diote eta ez da hitz egiten abangoardiaz, garaikidetasunaz baizik.