2014/06/25

Fideltasuna



            Azken boladan inguratzen nauen giroa dela medio, gertakizun zehatzen batuketa kontingentea dela medio, bikoteen arteko fideltasunaren balioestea gainbeheran dagoela agertzen zait. Azken finean, errealitatea dramaturgo bihurriak eszenaren aurrean argiekin, itzalekin eta ikuspuntuekin jolastuz gauzatzen duen antzezpena besterik ez da. 

             Mojak baino onestasun antza gehiago zuen emakumeari ikusi diot maitalearen laztanei amore ematen, monotonia ernegagarriaren doinu zimelak hautsi zezaken dantza erritmodun eta erora ematen. Sistematikoki ez leialak, noizean behingoak eta ustekabekoak. Aita ere amarekin izan zen desleial.  

            Halere, badaukat laguna, baloreen endekapen guztietan bezala anakroniko, zaldun ibiltari, On Kixote, okerkerien zuzentzaile, irauten duena, el amor antojadizo no busca cualidades, sino hermosuras eta bikote bakarrekoa dela esaten duena, amodioan sinesten duela dioena. Ikusi beharko zenukete nola engañatzen duten!

            Memoria zeukan animalia bakarra gizakia zela eusten zuen Nietzschek. Hortaz zentzu moral batean promes egiteko gaitasuna dugu, orobat ahazteko ahalmena. Gure esku dago. Egunsentia itsumustuan ailegatzen denean eta amoranteak adulterioaren ohea abandonatzen duenean, bakartasunean adulteriogileari bururatu beharko litzaizkioke fideltasunari buruzko hainbat galdera; eta aldi berean, goiznabarra pitinka-pitinka narrasten denean eta bizikideak zilegitasunaren ohea okupatzen duenean, bere kontzientziaren bakartasunean zintzoari otu beharko litzaizkioke fideltasunari buruzko zenbait itaun.

            Norekin edo zerekin izan zara leial? Hitzemanarekin izan al zara? Erosotasunarekin ala lasaikeriarekin izan al zara? Momentuarekin, atmosferarekin, instintuekin, arrazoiarekin leial? 

            Zure buruarekin izan al zara fidel? Azkenik, horra hor fideltasunari buruz baietsi daitekeen azken gauza gure buruarekin fidelak izan gaitezen.

2014/06/11

Ze begi...


...ederrak dituzun. Bai utzi esaten, zuk ez dakizu zer den horrelako begiak ikustea. Begira egon eta begiratuko dizuten ez jakitea, eta begiratzen badizute, nola egingo duten ezin imaginatzea. Begiratzen ez dizuten bitartean, lasai edo haserre zauden ezin erabakitzea. Eta begiratzen dizutenean, berriz, begirada aldendu beharra, eta begira jarraitzen ote duten ez jakitea. Zure begiei begira aritu naizela esaten badizut, era askotan erantzun zenezake, baina aukeren artean ez dago: "ni ere zuri begira aritu naiz" esatea, ez baitzara aritu, badakit nik hori. Ondo zabiltzala diozu? Ni ez ba. Aio.

Ander Shy