2012/03/29

Etorkizuna

Triste heldu zait ama berriz ere etxera. Lan egiten duen enpresako buruek langile guztiei esan diete ez dietela soldata igo behar aurten, eta horrekin batera beste hainbeste eginbehar ez dituztela errespetatuko. Beti bezala, legea beraien alde oraingoan ere. Gure amak bizitza osoa darama lanean, 40 urte inguru. Logelatik entzuten dut aitarekin berbaz sukaldean. Amak dio, erraietatik ateratzen zaion amorruaz, egun gauzak duela 15 urte baino okerrago daudela: soldata baxuagoa, eskubide gutxiago, erraztasun urriagoak… Etorkizuna beltz baino beltzago ikusten du. Aitari ere entzuten diot, arduratuta, nebak eta biok beraiek baino gaztaro askoz errezagoa izan dugula, baina heldutasuna zail irudikatzen zaigula esanez: segurtasun ekonomikorik ez, emantzipaziorako baldintzarik ez, proiekturik aurrera eramateko aukerarik ez… Prekarietatea, oro har. Baina, klaro, "Zer geratzen zaigu egiteko?" dio etsipenez betetako hasperen batez. Sukaldera hurbildu naiz, beraien kezkak umore apur batez leuntzeko asmotan. Ama ikusi dut aitari besoa sorbaldatik luzatu diola; isilean afaria prestatzen jarraitu dute, imajinatzen dut, beraien barnerako gure etorkizunari buruz eta biharko egunaz hausnartzen zutela.

Eguzkiñe B.

2012/03/28

Ostera ere


Garai bateko gure arteko harremana luzea izan zen.

Aurreko batean, aspaldiko kontu hura ia gainditutzat neukanean, nire bizitzan berriz agertu, eta, halabeharrez,... oheratu ginen.

Ez nago horrelakotara ohitua, baina oraingoan gau bateko kontu motz horietako bat izatea espero nuen. Baina ez, gosarian oraindik hor zegoen. Tira, ez da egoera oso erosoa baina gosari ordurarte, ados. Osteko bueltatxora ere nirekin etorri zen, bazkal-orduan eta arratsaldeko sofan botatako telebista ikustaldian ere hortxe,...  Sutan nengoen, eta gauzak leundu eta argitu nahian edo, afal-ordurako estrategiaz aldatu nuen. Afari lasaia: janari fina, argi baxua,... eta ezinbestean, berriz ohera.

Egunak daramatzagu horrela, gainetik kendu ezinik. Nola erakutsi nirekin ez dudala nahi? Aspaldiko garai hartan egindako saiakera eta trikimailu guztiek funtzionatu ez bazuten, orain ere ez dute funtzionatuko.

Ostera burukomina bere kabuz joan arte itxaron beharko al dut?

-X10-

2012/03/25

Uraren...

Cienfuegosi
Uraren aro eroan
harria izan nahi dut
eurite nagusiaren erdian
harri bustia ozeanoaren hondoan
erroturik harriturik
mutu
harriz inguraturik zoriontsu
menderik-mende borobilduz
astiro-astiro desagertuz
uraren aro eroan
besarkada harrizkoa izan nahi dut
uraren aroan harri.
Jon Gerediaga

2012/03/23

Pilatzen


Esan gabeko hitzak ez dituzte olatuen joan-etorriek eramaten. Izkutatu egiten dira, desagertu lainoen artean. Bata bestearen gainean pilatzen doazen heinean handitzen da laino hori, lodiago, pisutsuago eginez. Berunezko. Bitartean, barea da nagusi.

Lainoak, baina, gero eta kolore ilunagoa du, edozein zeru gaiztotzeko modukoa bihurtzen da. Halako lainoak ez baitira aise txikitzen. Esan gabeko hitzek gizendu dute, eta trumoi hotsak gero eta gertuago entzuten ditut. Baita zuk ere, nondik datozen ondo ulertzen ez baduzu ere.

Tximistarekin etorri den euri-jasak aterkirik gabe harrapatu zaitu, babes gabe, zaparradaren erdian. Begiak bere lekutik ateratzear dituzula begiratzen nauzu, orain arte non egon ote naizen pentsatzen. Ulertu gabe nondik atera ote diren hitzok orain. Ulertu gabe zergatik gorde ote ditudan nire baitarako orain arte.

Ez; nik, ekaitza ekarri duen honek, nik ere ez dut ulertzen zergatik utzi dudan hainbeste denbora pasatzen, lainoa loditzen.

2012/03/20

Hondarretan

Hondarretan erraza da idaztea,
erraza ezabatzea,
erraza ahaztea.
Olaturen batek eramango ditu urrutira
sentitu ondoren,
iragazkietatik pasa behar izan ez dituzunak.
Hondarretan erraza da amestea,
erraza hanka sartzea,
erraza izatea.

Hiriart

2012/03/14

Bere pean

Galduen sentitzen naizenean, haizeak ekartzen zaitu berriro nire aldamenera, eta zure hitzak zauritzen naute, ikus ezinezko labanarik zorrotzena, barneko sentimendu guztiak odoletan, haragi bizian jartzen dituena, zara zu. Nora ezaren sortzaile, eromenaren piztaile, zirrara gaiztoenen jabe, desiorik ezkutatuenen helburu eta eragile. Zure begiraden pean, hazi eta txikitzen, zure nahiaren egarriak, itotzen eta asetzen nau. Gorrotorik handiena, maitasunik gordinena, biluzten nauen begirada, dena eta ez dena, ona eta txarra disolbatzen dituena. Arrazoia, balore guztiak deuseztatzen dituena. Ametsik gaiztoena, indarrik gogorren eta sakonena. Alderdirik ilunena, maitasunik askeena, maitasunik mesprezagarriena, ekintzarik zitalenak, bere baitan. Lurralde desberdinetan, nire lekua aurkitu nahirik, ezin naiteke bere lurretatik aldendu, haziak narama, itsas korronteak, bidegurutze oroko aukerak, narama bere lurretara, lizunkeriaren erreinura. Malmutzetan malmutzena, irakurtezina, ulertezinena, begiradaz biluztean dena xuxurlatzen duena, bere baitan nire izatea sendotzen duena. Nire gaitzen iturria. Zara zu.

Sorginero


2012/03/12

Posible da

Gaur, beste behin, nire eguneroko errutinan murgildurik etxera nentorrela, neguko egun euritsu bat etorri zait burura. Euria ari zuen, bustitzen zaituen euria eta itotzen zaituen euria. Erdi itota iritsi nintzen geltokira egun hartan, hoztuta, kanpotik eta barrutik. Hala ere muzin egin nion geltoki barruko berotasunari eta hantxe eseri nintzen kanpoan trenbideari begira. Elkarren artean nahasten diren burdinazko bide hotzak ikusita haizea are hotzago sumatu nuen.

Eta hantxe begirada burdin gorri hariei begira jarrita neukala, burdin arteko harri sorta bustien artean lore hori bat ikusi nuen bat-batean eta lehen hain hotza iruditu zitzaidan haizea zertxobait epeldu zela esango nuke

Gaur, prestatu gabeko lurraz hitz egin nahi nuen, sutearen ostean erreta geratzen den lurraz, beste ezer landatu ezin delarik. Euritearen ostean itota geratzen den lurraz, zimeldutako loreen petalo zamatsuak haizeak eraman ezinik. Baina, geltokiko lorearen irudiaz oroitu naiz eta pentsatu dut tokirik bitxienean ere lora daitekeela zerbait ederra, aurretik lur horrek gaizki pasa arren edo erabat hoztuta egon arren. Eta nire buruari esan diot gehiago ez dudala esango ezinezkoa da, ezin da izan eta gisa horretako beste esaldirik, pentsamendu ezkor horiek baitira benetan lurra kaltetu eta hondatzen dutenak.... Beraz, zergatik ez esan hobeto: posible da?

Tari

2012/03/07

Auzokoa

Senarra beti lanean, semea beti txakurrarekin, ... azkenean etxean aurkitzen ez duen horren bila kalera irten behar.

Sarri ordu txikitan industrialde inguruan ikusi izan dut. Eta hor besteen bila gerturatzen bada ere, ni hurbiltzean poltsa batu eta burumakur harantzago joaten da.

Lotsa hori ez dut ulertzen, zergatik baztertzen nau? Akaso auzokoak ginen garaitik elkar ezagutzen dugula disimulatu nahian edo?

Arrazoiak arrazoi, berak ekarritakoez beste kalekatuek bapo jaten badute ere ni ezer dastatu gabe, gose, gelditzen naiz.

X10

2012/03/05

Zer pasa ote zen larunbat hartan?

Badoa.
Loa badoa.
Berriro doa,
hustuz nere gogoa.
Badoa.


Muxu bat beti da motza,
Nahiz piztu neguko hotza,
ipar haize erasoa
lehen banezaken jasan.
Gaur guztia da bikoitza.
Zer pasa ote zen larunbat hartan?

Banoa.
Nerau banoa.
Berriro noa,

urrun ote da hondoa?
Banoa.


Kolpez itzali irrika,
hitz denak hari segika,
bortxatuz nere asmoa
minutu baten baitan.
Aurkitu zinen apika?
Zer pasa ote zen larunbat hartan?

Beroa.
Zure beroa.
Berriz beroa,
Loak hartzeko besoa.
Beroa.
Begiak ditut etsita,
berriz pentsatzen jarrita
nola hil zen atzokoa.
Gau bakartien barran
iraganarekin zita.
Zer pasa ote zen larunbat hartan?

@landerabr

2012/03/02

Haurduntzaren munstroa (II)

Badirudi gizadiaren historiako kultura oron bizitza berez soilki eta bakunki balio positibotzat hartu dela. Soilki, bakunki eta berez heriotza negatiboa. Bizitza eta heriotza (asasinatzea) laban egartiaren leon-kastillo direla, bata bestea gabe ezin izan, ahazturik. Dikotomiak histuko balu biologia. Fikzioa batzuetan egiazko diskurtsoekin konparaturik errealitatearen erreflexu zintzoagoa emateko gai da.


So egin dezagun Ridley Scott-en Alien (1981). Munstro exotiko horren jaiotzak asasinatzea du oinarri, sortzen denean haurdunaren sabela lehertzen du bera erail araziz. Estralurtar bizitzarentzako heriotza ongarria da, alabaina, ez-fikziozko Lurrean ere, harriak edo petrolioa jatera ohitzen garen bitartean, elikadura erailketa dakartza halabeharrez. Biologian munstrokeria ikusten duenak soilki, bakunki eta berez ez du ikusten bi alderanzko prezioa.

Anselm Kiefer-en lanak hausnarketa hori dauka ere sustraietan eta ikuskera honetatik abiaturik II. Gerrate Mundialeko suntsipen osoa sormen berriarentzako ongarri da. Eraile ez den bizitzarik al dago?


2012/03/01

Noraezean

Beharraz hitz egin zenidan. Lehentasunak finkatu, eta horiei eustearen garrantziaz. Inbidiaz, etsipenez agian, begiratzen nizun, behetik. Epe motzera, baita luzera ere, etorriko diren egunak behelaino zitalak bete baititu aspaldiotan ene pentsamenduan. Tunelaren amaierako argia egun batean ikusi, eta hurrengoan bistatik galtzen dut. Ideiak garbi izan nahi nituzke, eta etorkizunaz hitz egiten zenidanean zure begien distira hura neure egin. Aukera okerra egiteak beldurtzen bainau, eta jakin badakit mundua ez dagoela beldurtientzat eginda.

Trafikoko seinaleak desagertzean hasten gara bizitzea zer den ikasten, pixkanaka bidea egiten.

Zuk ez zeneukan erortzeko beldurrik, ezta makuluen beharrik ere, baina nik... Noraezak gidatzen nau ni.