Azken boladan inguratzen
nauen giroa dela medio, gertakizun zehatzen batuketa kontingentea dela medio, bikoteen
arteko fideltasunaren balioestea gainbeheran dagoela agertzen zait. Azken
finean, errealitatea dramaturgo bihurriak eszenaren aurrean argiekin, itzalekin
eta ikuspuntuekin jolastuz gauzatzen duen antzezpena besterik ez da.
Mojak baino onestasun
antza gehiago zuen emakumeari ikusi diot maitalearen laztanei amore ematen,
monotonia ernegagarriaren doinu zimelak hautsi zezaken dantza erritmodun eta
erora ematen. Sistematikoki ez leialak, noizean behingoak eta ustekabekoak. Aita
ere amarekin izan zen desleial.
Halere, badaukat laguna, baloreen
endekapen guztietan bezala anakroniko, zaldun ibiltari, On Kixote, okerkerien
zuzentzaile, irauten duena, el amor
antojadizo no busca cualidades, sino hermosuras eta bikote bakarrekoa dela
esaten duena, amodioan sinesten duela dioena. Ikusi beharko zenukete nola engañatzen
duten!
Memoria zeukan animalia
bakarra gizakia zela eusten zuen Nietzschek. Hortaz zentzu moral batean promes
egiteko gaitasuna dugu, orobat ahazteko ahalmena. Gure esku dago. Egunsentia
itsumustuan ailegatzen denean eta amoranteak adulterioaren ohea abandonatzen
duenean, bakartasunean adulteriogileari bururatu beharko litzaizkioke
fideltasunari buruzko hainbat galdera; eta aldi berean, goiznabarra
pitinka-pitinka narrasten denean eta bizikideak zilegitasunaren ohea okupatzen
duenean, bere kontzientziaren bakartasunean zintzoari otu beharko litzaizkioke
fideltasunari buruzko zenbait itaun.
Norekin edo zerekin izan
zara leial? Hitzemanarekin izan al zara? Erosotasunarekin ala lasaikeriarekin
izan al zara? Momentuarekin, atmosferarekin, instintuekin, arrazoiarekin leial?
Zure buruarekin izan al
zara fidel? Azkenik, horra hor fideltasunari buruz baietsi daitekeen azken gauza
gure buruarekin fidelak izan gaitezen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina