Lurrean ikusi zintudan. Nahiz eta begiak tarteka irekitzen zenituen, zuk ez
ninduzun ikusten. Ez zenuen
inor ikusten. Konorterik gabe zeunden eromen haren erdian. Ez zinen jabetzen,
noski, nola jo gintuzten zure hiltzaileek, odol-isuri hura nolabait gelditzen
saiatzen genbiltzala. Eta egin genituen ahalegin guztiek ez zuten ezertarako
balio izan Iñigo, ezertarako ere ez. Anbulantziari dei ziezaioten eskatu
genien, eta borra kolpeak besterik ez genituen jaso bueltan. Berdin zitzaien
zein harrapatu, zuk ere bazenekien hainbeste lehenagotik ere. Denok genekien.
Eraman zintuzten azkenean, baita betirako eraman ere. Ez baikara berriz ere San
Mamesen elkartuko, ezta zerbezarik hartuko ere partiduaren ondoren. Ez gara
berriz elkarrekin aspertuko, ez hunkituko. Nahigabe, umezurtz utzi gaituzu. Ez
zenituzkeen zure gurasoen negarrak jasango, guk ere ez.
Egunkariek dramaren berri eman dute, hitz larriz batzuek, izkina ahaztuetan
besteek. Poliziaren bertsioa hitzez hitz kopiatuz batzuk, zure lagunen
testigantzak narratuz gutxi batzuek. Lurrean ikusi zintuzten Iñigo, lurrean,
bizitzeko mila arrazoi, eta hiltzeko arrazoi bakarra tarteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina