2013/11/25

Astun horrek

Astun horrek, sei hilabetean behin edo, mezu bat idazten dit. Interneten daukagunarekin eta hain ondo funtzionatzen eta betetzen den Datuen Babeserako lege madarikatu horrekin, erraz oso jartzen da nirekin harremanetan.
Noizean behin, baten bati erantzuten diot, lotsa ematen didalako ez erantzuteak. Halere, badakit onena dela ez erantzuteko, bera bezalako astunek pentsatzen baitute interesatzen nauela; baina tira, horrelako kontuetan  inoiz ez dut jakin desatsegina izaten.

Astun horrek ez dakiena da badaukadala aplikazio bat, hain modernoa den tramankulu honetan, berarekin amets egiten dudan aldiak zenbatzen dituena.  Hala da: amets egin, esnatu eta berehala markatzen dut eguna. Elkar ezagutu genuenetik hamar urte pasa diren arren, harrigarria bada ere, tramankuluak kalkulatzen duen batez bestekoa nahiko baxua da.

Kontua da, atzo, esnatzean, tramankulua hartu behar izan nuen berriro. Eguna markatu eta gero, maindireen beroa aprobetxatzen dut egunkariak irakurtzeko eta posta zabaltzeko. Ezetz asmatu noren berriarekin egin nuen topo sarrerako ontzian.

Arnasotsa bota eta nirekin lo egiten duena esnatu nuen. «Besarkatuko nauzu?» entzutean bizitzaren jarioa jasangaitza irudikatu zitzaidan.


Silvia Ribés

iruzkinik ez: