2013/11/01

Ninfa bati eskeinia


Kaleak bezain erreala eta
larrosak baino askoz kaltegarriagoa.
Horrela ikusten naiz ispiluan,
mamu barnekarien joko guztiak
hasi baino lehen.

Dantza, dantza, dantza egizu biluzik
eta ez etendu erokeria sublimearekin,
Munduak ez du merezi eta,
kontzerturako kulero aproposenak
hautatzen dituzun bitartian armairuaren
aurrian.

Lo seko, ala ez hainbeste
bilakatu nahian bazare,
oxidozko zureak ez diren
beso mardul batzuen aterpean,
zaudelarik,
hurrengo egunaren menu paternalista
zein izango denaren espejismoa,
ametsetan entrometitzen zaizu.

Lelokerik. Beharrezko lelokerik,
holan diote karrikan barrena.
Irrifarre sintzeroarekin deleitatzea
badago horren aurrean,
seguru.
Bakarrik beste bi azken erregu:

...ez ezazu begirada niretaz
sekula at baztertu, itsasargi,
eta ez nazazu dutxan irrist
egin debekatu berriz ere.

Beste batek bizi dezala
interrogante ez den bizitza
ezinbesteko hori. Demoniok!

Ordu zoragarriak igaro ditut, bai,
zin egin dezaket, zure distantzia
efimeroan nahiz hurbiltasun
sakonenean.

Iñigo Medina

2013/10/30

Munstroa eta berpizkundea

Nork daki zer ote zuen Franstein doktoreak buruan munstroa sortu zuenean. Pertsonengandik hartutako zatiez osatutako munstroa. Gizaki puzzle adoragarria ulertu ezin zituen emozioen biktima izan zen. Munstro hauskor eta infantilak ez zekien ezer gizakion gorrotoari buruz.


Gizakiak munstroa segitu eta errotan erre zuten, munstroa izateagatik, bihotza edukitzeagatik erail zuten. Zein da munstroa, sortzailea ala bere lanaren ondorioa?
Gizakion puskez elikatzen den munstroa berpiztu egin da.

2013/10/29

Poltsikoak Hutsik


Poltsikoak hutsik ditut berriz. Bizitzan birritan bakarrik gertatu zait hori. Atzera begiratu eta azken urteetan egin dudanak ezertarako balio izan ez duela pentsatzeak… Adoleszentziako lehen amodioa galdu nuenean gertatu zen hori lehen aldiz. Erromantizismoa, ekaitza eta bultzada!

 Poltsikoak hutsik… Alabaina, katastrofista jarri behar ez dudala errepikatzen dit behin eta berriz amonak. Berak Bermeon Gerra Zibilaren osteko egoera gatza – eta hori bai latza! - bizi izan zuela, jatekorik dugun bitartean garai honetako gazte milindrisak –milindris-milindrisak- kezkatu behar ez dugula eta lana berez etorriko dela erraten dit beti.

Gerraostearen leÑukoek, aitona-amonek, oro bikainagoa zen aura aeris batetatik ekarri izan balituzte bezala, basikoagoak, primarioagoak eta gogorragoak dirudite.

Artean 18 urteak bete gabe, amona kontserba-lantegian lan eta lan ibiltzen zen. Arrainak bere eskuekin garbitzen zituen eta arrain-salda batekin etxeko ekonomia laguntzeko amantalaren poltsikoetan sardina edo antxoen buru eta barrukiak gordetzen zituen.

Eta nik poltsikoak hutsik…
Tituluak eta tituluak pilatuz, itxuraz, arrain-hondarrek baino elikagai gutxiago dutenak.


2013/04/19

Inflexio-aizkorakada

Zeinek esango zion berdugoari aizkorakada zorrotz horrekin burua eta sorbalda banatuko zituela hain garbiki? Izan ere, erregeen, erreginen, elizgizonen eta nobleen buruak horien postuetan tinko errotuak daudela dirudi. Hala ere, berdugoa hasi zen konturatzen itxuraz naturaz jarriak dauden eserleku horiek ez direla hain mugiezinak. Ebakidura horren ostean ze beste gauzetan aurki behar zuen egi ezkutu hori?

Bere birraitona errege-berdugoa izan zen, aitona eta aita errege-berdugoak ere eta bera ere, erregeari burua moztu zion arte, errege-berdugoa izan zen.

Zinez, lehen aldiz, berdugoak bere buruagatik kezkatzen hasi zen.


 
 

2013/03/21

Amets Gautxoa

(Iñigo Medinari eskeinia)
 
Itakara bueltatzeko gogoak izango zituen Ulisesek, urtez eta urtez Pontosean barrena. Bere emazte jostuna, seme gaztea eta lagun mozkorti eta umoretsuak ez ezik, geografia malkartsua ere botako zuen faltan.

Hala gertatzen zait niri, zabal zein laua den Panpan, aberri urruneko mendi eta baiaren -eta bertan bizi diren adiskideen- herrimiÑa dudala. Eta ziur naiz hemen jaiotako euskaldunek ere bere zainetan sarturik dituztela mendi horiekiko nostalgiak. Otamendi, Mendigane, Etchemendy eta Mendoza abizenetan bezalaxe, jatorrian erroturik. Tontorretako elurrek, amildegietako haizeek eta Kantauri Itsasoko kresalak higatu baitute euskotarren izpiritua.

Agian, noizbait, Panpako eguraldi txarreko egun horietako baten, zeinean zeru garbiko horizontea bihurtzen den hodei-boluta trinkoz osatutako harresia, gautxo baten begiradak, txapel baten azpian, mendizerra malkartsu, elurtsu, amildegitsu eta kresaltsua altxatzen ikustea...

Atlantiko urdinaren bestaldean, leku zalantzagarri baten kokatuta dagoen Itaka amestuz.
 
 

2012/12/30

ARMA (AHOA), TIRO (HITZA), PUN (MEZUA)


Esan nizun, eta entzun zendun,

-Iñaki omen da Kamerun-,

Entzun bai, baina aditu?

Nik tiro hitza, zuk hartun,

mezua ulertu al dun?

-Iñaki ez da hain urrun-.

Tiro hitza nik, mezuak pun,

Zure belarriek entzun?

Hartu al diozu zentzun?

-Iñakirik ezta iñun-.

Arma hartu dut nik zurrun,

Tiro zuganantz eta PUN!

Sumatu al duzu nun edo nun?

-iñaki zuk asmatu dun-.


Iraitz Madariaga

2012/11/27

Zuri

"Zenbat aldiz abestu ote diedan komuneko paretei" abesten du Kerobiak, baita nik ere, hamar mila alditan edo gehiagotan abestu izango nuen abesti hori: izan komune(t)an, auto(et)an, gel(et)an edo auskalomendi(eta)n. Baina abesten dudanean ez ditut hitz musikatuak soilik aireratzen, nahiz eta jakin badakidan haizeak oroitzeko lanik ez duela hartuko. Ez. Abesten dut zuk entzuteko, zuk sentitzeko, guk gozatzeko. Nire bihotza bezain itxia den leku batetik oihukatzen badut ere, oihartzun lauso bat zugana iristea desio dut.


- Kerobiaren "Hiri ikusezina" abestitik abiatuta, @amuguruzak idatzia -

2012/11/23

Errepidean


Sigi-saga. 0 km-tako Mercedes-a kontzesionariotik irten berri 90km/h-tara, 110km/h-tara, 130km/h-tara doa. Siigi-saaga. Gidariak besoa luzaturik gidatzen du, aireak ilea atzerantz botatzen dio. Siiigi-saaaga. 150km/h-tara doa kurbatik... eta DANBA! Arbola zein kotxea birrindurik! Kuriosoak heltzen dira istripura, euliak gorotzera doazen bezalaxe, bar, bar, bar, burrunba egiten. Gidaria ozta-ozta ateratzen da bizirik eta..:
-Nire Mercedes-a! Nire Mercedes-a! Nire Mercedes-a!-oihukatzen du.
Kurioso batek erraten dio:
-Jauna, besoa ere galdu duk!
Kolpatuak muinoia begiratzen du espantuz eta lurrera segidan:
-Urrezko erlojua! Urrezko erlojua! Galdu dut urrezko erlojua!