2013/11/30

Batzuetan errazago

Batzuetan, errazago
maite zaitut argazkietan
aurrez aurre baino.

Poesia idazten dut
maite zaitudala adierazteko;
lehen ez zintudan maite
eta orain bai.


Idazten dut
zer naizen adierazteko,
eta lehen ez nintzen
eta orain banaiz.


Neska bat
munduaren gailurrean,
barraskilo ttiki bat eskuan
eta, guztia, babesteko gai den
irribarrea aurpegian.
Ander Shy

2013/11/26

Ermua

Ermua
zauri bat zara
Euskal Herriko gorputzean.
Mendi hegalen artean
bahiara ireki balizu bezala
biktimaren eta borreroaren arteko aldea bezain
zorrotza den labanak.  

(Mendi tontor baten ikasten duten ikasleei eskania)

2013/11/25

Astun horrek

Astun horrek, sei hilabetean behin edo, mezu bat idazten dit. Interneten daukagunarekin eta hain ondo funtzionatzen eta betetzen den Datuen Babeserako lege madarikatu horrekin, erraz oso jartzen da nirekin harremanetan.
Noizean behin, baten bati erantzuten diot, lotsa ematen didalako ez erantzuteak. Halere, badakit onena dela ez erantzuteko, bera bezalako astunek pentsatzen baitute interesatzen nauela; baina tira, horrelako kontuetan  inoiz ez dut jakin desatsegina izaten.

Astun horrek ez dakiena da badaukadala aplikazio bat, hain modernoa den tramankulu honetan, berarekin amets egiten dudan aldiak zenbatzen dituena.  Hala da: amets egin, esnatu eta berehala markatzen dut eguna. Elkar ezagutu genuenetik hamar urte pasa diren arren, harrigarria bada ere, tramankuluak kalkulatzen duen batez bestekoa nahiko baxua da.

Kontua da, atzo, esnatzean, tramankulua hartu behar izan nuen berriro. Eguna markatu eta gero, maindireen beroa aprobetxatzen dut egunkariak irakurtzeko eta posta zabaltzeko. Ezetz asmatu noren berriarekin egin nuen topo sarrerako ontzian.

Arnasotsa bota eta nirekin lo egiten duena esnatu nuen. «Besarkatuko nauzu?» entzutean bizitzaren jarioa jasangaitza irudikatu zitzaidan.


Silvia Ribés

2013/11/24

Haizearen uluak

Haizearen uluak
Irrifar behartuak
Barre algaren doinuak
Kalada eta tragoek lagunduak
Beste zentzu bat hartu du munduak
Tonu morexka dauka gaur zeruak
Eta zure begietan malkuak
Nire bihotzera dakartza damuak
Ez zaitzadala arrapatu mamuak
Ilusio faltsuen erreinuak
Etorri nirekin eman muxuak
Keinu eta besarkada estuak
Behar zaitut luze dira eta gauak
Zu barik suspirito galduak
Piropo formulatuak
Maitasun kantuak
Denak zutzat pentsatuak
Bihotz bihotzetik kanporatuak.




Leire Artozki

2013/11/23

Idazten zaitut

Aipa ezazkidazu ene gelako ortzian
enaren hegal luzeak
hiri batzuk bizi gabeko zerbaiten nostalgia
sentitzen duten inurrien antzera
kiribiltzen direlako.

Oihukatu denboraren bide galdua
behin itsasoan egondako 
zein putzutan iraungitua den
ura gaur goitik erortzen den arren, jada
ez delako itsasoko tanta zena izango.

Ederra litzateke lagun giroan zerbait hartzea
nik ere ez ditut katastrofeak maite baina
inurriek beti jaten didate eskua
besoak zabaltzen ditudanean
gauza errepikakorren beldurrez 
eta abar.

Zirrikitu batetik ikusten zaitut
gozozalea ez zen bihotzaren
taberna hortan, 
Zaz eta tankerakoak entzuten.

Askatzeko arintasunaren pisua,
ez dugulako hitzik egin lerro 
hauen urteetan, 
edo

lerroak ez dira
nire gelako ortzian
enarek gidatzen dituzten 
hari lumak baino
ilusio optikoen itsasoan dantzan

eta dena dela.


Petra

2013/11/22

Arriskutsuegia

Isiltasun tarte horretan Panpoxak esan zizkidan hitzetan gelditu naiz pentsatzen, behiek hausnartzen duten bezalaxe hausnartzen: “Beldur diot arriskutsuegia den zerbait esateari“

Eta ni guztiz enteratu ez nendin kriptikoki azaltzen jarraitu zuen Panpoxak: “Ahozkatu nahi ez dudana ahozkatzeak zer ekarriko lukeen galdetuz, sentitzen dut ikara. Hitzek kontenituko balute esanahian esaten duten guztia. En las letras de rosa está la rosa/y todo el Nilo en la palabra Nilo ahalko balitz egon, Borgesen poeman bezalaxe eta “mandinga“ errateak deabrua inbokatuko balu.“

Kezkatu baino, horrek gehiago beldurtu ninduen. Horri gehituz esandakoaren ostean bere frutazko ezpainak itxi eta biok isiltasunezko itsasoan kordokatuz laga gintuela...

2013/11/20

Bilboren 9 seme-alabak

Bederatzi seme-alaba ditu Bilbok, ez bat, ez bi, ez hamahiru. Bilbok bederatzi seme-alaba ditu. Zaharrenetik berrienera, Anton, Erribera, Merced, Hareatza, Udal, Txuri, Salve, Arrupe, Deustu eta Euskalduna dute izena.
Bederatzi seme-alaba ditu Bilbok, helburua hiribildua Nerbioi-ibaiaz babestea dute. Bilbok bederatzi seme-alaba ditu, Nerbioi itsas mihi luzea goitik igarotzeko.



Mikel Otxoa

2013/11/17

Hizki izan nahi nuke

Hizki izan nahi nuke, zure hitz goxoen artean kulunkatzeko.
Hizki izan nire eleberri gogokoenetan murgiltzeko.
Don Kixoteri erraldoiak existitzen ez direla esango al zenioke?
Eta txanogorritxoren amonari otxoari aterik ez irekitzeko?
Hizki izan nahi nuke zure edertasuna deskribatzeko.
Hizki izan piropo bihurtzeko, hizki maite zaitut batean bilakatzeko.
Irainduak alaitzeko eta gaiztoak zigortzeko, tristeak animatu eta alaiak mozkortzeko. Hizki, zu
maitemintzeko ene maiteño.
Agurrik ez legokeen mundua irudikatuko nuke, hitz polittez betetako polis bat.
Hizki izan nahi nuke, ongiaren eta maitasunaren laguntzaz gure mundua leku hobeago bilakatzeko.

Leire Artozki