Optimista etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Optimista etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012/07/11

Stupid motto

Kaleak euriak margotu ditu beltzez
Hormetan bizirik irauten duten oihu isilak.
Oinak aurrera doaz oinutsik

Zeruan soketatik zintzilik oinetako bakartiak
Eta beirazko munduaren zutabeetan txoriak hiltzen dira egunero.

Norbaitek belarrira esaten dizu begiak itxita aurrera egiteko.
Hormarekin topo egin arte aurrera.

Leihotik ateratzea da normalena,
Madalenek jada ez dute negarrik egiten,
Gauak motzak dira ilargian,
Eguzki betea egunero.

Oihuek gorrak esnatu nahi dituzte,
Koloreak euren ezkutalekutatik ateratzen ari dira,
Ostadarra atera da gure kalean,
Haizeak bota ditu zutabeak eta mundua behera datorkigu,
Bai, baina urdinez margotua.

- Hiriart -

2012/06/08

Bizitzaren metafora

Bizitza kazkabarrak jipoituriko pertsianaren gisakoa da. Horixe pentsatu nuen bart, lo egiteak utopia zirudienean. Begi heze ia itoak irekita, ohe gainean etzanda nengoen, orain dela ez gehiegi hain handia izan zen ilargi apalaren argi eskasak argiturik. Egia esan, iluntasuna oparia izan zen niretzat. Ezer ikusi ezin nuenez belarriak adi jarri ziren protagonismoa nahi balute bezala begien ezintasunaren aurrean. Kolpe txiki, leun, azkarrek doinu berezia sortu zuten. Kazkabar tanten gainean musika notak pausatu zirela zirudien. Tristea iruditu zitzaidan hasieran doinua. Pertsiana, bakarrik, ahazturik, kazkabarrak jipoitzen zuen. Sufrimenduak astinduriko bizitzaren irudia zen pertsiana eta doinu hura bizitza horretako kolpe bakoitzaren oihartzuna.

Baina pertsiana ez da inondik ere bizitzaren metafora. Pertsianak ezin dio bere zoritxarrari aurre egin, bai ordea guk. Eta nahiz eta gaur iruditu hurrengo kolpeak akabatuko gaituela, pentsa, ekaitza pixkanaka indarra galduz joango dela, eta gu, aldiz, bera ahulduz zihoan bitartean, kolpe bakoitzaren indartuz joan gara. Hori da gure abantaila.

-Tari-

2012/03/12

Posible da

Gaur, beste behin, nire eguneroko errutinan murgildurik etxera nentorrela, neguko egun euritsu bat etorri zait burura. Euria ari zuen, bustitzen zaituen euria eta itotzen zaituen euria. Erdi itota iritsi nintzen geltokira egun hartan, hoztuta, kanpotik eta barrutik. Hala ere muzin egin nion geltoki barruko berotasunari eta hantxe eseri nintzen kanpoan trenbideari begira. Elkarren artean nahasten diren burdinazko bide hotzak ikusita haizea are hotzago sumatu nuen.

Eta hantxe begirada burdin gorri hariei begira jarrita neukala, burdin arteko harri sorta bustien artean lore hori bat ikusi nuen bat-batean eta lehen hain hotza iruditu zitzaidan haizea zertxobait epeldu zela esango nuke

Gaur, prestatu gabeko lurraz hitz egin nahi nuen, sutearen ostean erreta geratzen den lurraz, beste ezer landatu ezin delarik. Euritearen ostean itota geratzen den lurraz, zimeldutako loreen petalo zamatsuak haizeak eraman ezinik. Baina, geltokiko lorearen irudiaz oroitu naiz eta pentsatu dut tokirik bitxienean ere lora daitekeela zerbait ederra, aurretik lur horrek gaizki pasa arren edo erabat hoztuta egon arren. Eta nire buruari esan diot gehiago ez dudala esango ezinezkoa da, ezin da izan eta gisa horretako beste esaldirik, pentsamendu ezkor horiek baitira benetan lurra kaltetu eta hondatzen dutenak.... Beraz, zergatik ez esan hobeto: posible da?

Tari