Hanketako behatzetatik hamar zentimetrotara gelditzen zen itsasoko olatuen joan etorria. Hala, orduak, egunak ematen zituen Santa Klara uharteari begira. Irribarre lotsatia marrazten zitzaion aurpegian irla hartan pasatako momentu ahaztezinez oroitzen zen bakoitzean.
Gauaren txanda heltzean zigarro bat pizten zuen, giro hotzari hortzak erakutsi asmoz. Etxera joan ohi zen gero, eta hurrengo egunean beti itzultzen zen, beti leku berdinera.
Lehen Oihana egon ohi zen berarekin. Berarekin igarotzen zituen orduak irla hartan. Mundu berriak sortzen zituzten elkarrekin, ezinezkoak ziren guztiak erreal bihurtuz. Barre eta laztanek betetzen zituzten egun haiek, eta, haien ordez, hasperenak ziren protagonista nagusi orain, Oihana joan zenez geroztik.
Bere buruaz beste egin zuen Oihanak, bat-batean, besterik gabe, agurrik esan ez eta eman gabeko musuak betirako itoz. Duela ia bi urte izan zen hori, baina Anek ez zuen esperantza galtzen. Oihana berarekin zegoen, ondoan egon ere, erotzat zeukatenen artean indarra emateko.
Ez zen tuntuna, begiekin ikusi zuen bere maitea odol putzu hartan hilik.
Bare zegoen itsasoa. Anek sakon hartzen zuen arnas. Bere inguruan, harea eta farolen argia besterik ez zituen. Beti gainean izaten zuen larruzko motxilari begiratu zion. Erabiltzen ez zituen trastez betea izaten zuen beti. Hala ere, ez zuen denbora gehiegirik behar izan bilatzen zuen hori aurkitzeko. Zirkinik txikiena egin gabe, bost arte zenbatu, eta bere besoak zauritu zituen labana batekin. Segundo gutxiren buruan, harean etzanda gelditu zen. Itsasoa bezain bare, eta irribarretsu.
-Maialen-
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina