2011/11/12

Ausentzia

Birikek derrigorrezko zuten oxigenoa zuten eskuratzen; odolak bere bidea zuen hartzen bihotzak inposatu taupada bakoitzean. Gorpu hura ezkutatzen zuen estalkia ez zen nahikoa azal laztu hark goxotasunik senti zezan.

Gorputza inerte, burua hutsik. Ohean etzanda zegoen, begirada lau pareta horien arteko punturen batean iltzaturik, zerbaiti baino, ezeri so.

Berunezko sentitzen zen ohearen aurka; grabitatearen indarrak irabazi zuen ezbairik gabe gerla hura. Bandera zuria zuten astintzen gorputz haren organoek, ia zirkinik egiten ez zuen giza itxurako gorpu horren izatea bermatze aldera.

Albo batera uzkurtuta, malkoek, lotsarik gabe eta balentria handia erakutsiz, sudurraren aurka borrokatuz, aurpegi zurbila gurutzatzen zuten ezker-eskuin. Hainbeste desio zuen hori erdiesteko gaitasun ezak baino ez zuen pizten ezerezaren erdian abandonatutako gorpu habaildu haren bizitzeko grina.

Balarik gabe geratutako pistola zen, ordea, eta inoiz izan ez zuen zerbaiten ausentziak odolez zizkion hustutzen zainak, eta erritmoz gabetzen bihotza.

1 iruzkin:

gorputzgrafia erabiltzaileak esan du...

oh, O_O

ona, oso ona haiz matte!

k.