Nerabezaroa gorputz-ilearen jaiotza da. Nire kasuan, gertakari hau bat-batean gauzatu balitz bezala, uda goiz batean, Rosas-eko bahian, jazo zen. Beste ume batzuekin biluzik igerian ibili eta eguzkipean sikatzen ari nintzela. Supituki, nire ohiko laketasun nartzisistarekin gorputza behatzen ari nintzelarik, ene azal pubiko zuritsu eta delikatua bere osotasunean estaltzen ez zituen ileak ikusi nituen. Ile finak ziren, batzuk besteengandik oso aldenduak, baina hala ere bere luzera osoan hasiak eta nire zilborresterantz zuzendurik gora zihoazen. Horietatik bat, besteak baino askoz luzeagoa, zilborreste beraren erdi-erdian ernatu zen.
Ilea hatz lodiaren eta erakuslearen artean hartu eta arrankatzen saiatu nintzen. Mingarri eutsi egin zion. Indar gehiagorekin tiratu eta eskuratu nuenean begiratu eta ilearen luzeraz liluratu nintzen.
Nola zitekeen posible hain sarri begiratzen nuen gorputzean, niretzako sekreturik gabeko horretan, horrelako ile luzea hasi izana konturatu gabe?
Ile horrekiko jelosia gozo eta ez argia loratzen hasi zen nigan. Zerua aurrez nuela behatu nuen ilea... eguzkiaren errainuek dir-dir eginarazten zioten; urrezkoa izango balitz bezala, kolore guztiekin apaindua, betazalak erdi-ixten ditugunean eta betile argitsuen artean mila eta bat ortzadar ikusten direnean bezalaxe; horrela ikusi nuen nire gizontasunaren lehen ilea.
Salvador Dalíren El primer vello de la hombría testuaz moldatua
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina