2012/02/01

Distantziatik erori


Hatza gora zuzentzen duzu eta esaten didazu “hortik, hortik erori nintzen”. Nik “hori gutxienez hiru metro dira”. Barre egiten duzu, diozu “zuk horrela uste baduzu...”. Distantziak askotan ez dira metrotan neurtzen, esaten didazu, ustezko hiru metro horiek distantzia askoz handiagoa direla, eta pixka bat “erortzen utzi” zinela. Hura joan egin zitzaizulako agian, edo urrundu behintzat, eta erori besterik ez zenuela nahi, erortzen utzi. Joan zitzaizulako maite zenuen hura zuk nahi baina urrutiago, eta hori iruditzen zitzaizula munduko distantziarik handiena. “Hiru metro, pss, zer ote dira hiru metro, benetako distantzia luze horrekin alderatuta”. Jendeak esaten dizula, en lo malo-malo ez zaizula ezer pasa, eskaiolak kentzen direla, berriz ibili ahal izango duzula, mina pasako zaizula.
Eskua estutzen dizut gogor, ez dakit horrelakoetan zer esan, eskua estutzen dizut, arrazoi duzulako, eskua estutzen dizut nire isiltasunak zerbait esan dezan.

Hatza gora zuzentzen duzu eta esaten didazu “hortik, hortik erori nintzen”, eta ez dagoela eskaiola ez morfinarik min hori baretzeko adinakoa.

-Gorputzgrafia-

iruzkinik ez: