Esan gabeko hitzak ez dituzte olatuen
joan-etorriek eramaten. Izkutatu egiten dira, desagertu lainoen
artean. Bata bestearen gainean pilatzen doazen heinean handitzen da
laino hori, lodiago, pisutsuago eginez. Berunezko. Bitartean, barea
da nagusi.
Lainoak, baina, gero eta kolore
ilunagoa du, edozein zeru gaiztotzeko modukoa bihurtzen da. Halako
lainoak ez baitira aise txikitzen. Esan gabeko hitzek gizendu dute, eta
trumoi hotsak gero eta gertuago entzuten ditut. Baita zuk ere, nondik
datozen ondo ulertzen ez baduzu ere.
Tximistarekin etorri den euri-jasak
aterkirik gabe harrapatu zaitu, babes gabe, zaparradaren erdian.
Begiak bere lekutik ateratzear dituzula begiratzen nauzu, orain arte
non egon ote naizen pentsatzen. Ulertu gabe nondik atera ote diren
hitzok orain. Ulertu gabe zergatik gorde ote ditudan nire baitarako
orain arte.
Ez; nik, ekaitza ekarri duen honek, nik ere ez dut
ulertzen zergatik utzi dudan hainbeste denbora pasatzen, lainoa loditzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina