2012/01/18

Armiarma sarea


Istorio bat kontatuko dizuet, amodio istorio bat, adiskidetasun istorio bat.

Errepresio garaiak ziren Molina eta Arregi elkar ezagutu zutenean kartzela - gela hotz, zikin eta ilun batean. Molinak gauero Arregiren kondena eramangarriago bihurtzeko Hollywood-eko pelikula klasikoen istorioak antzezten zizkion. Arregi hauek gustura entzuten zituen. Iluntasunean murgilduta minutu asko izan zituzten hitz egiteko, elkar ezagutzeko, elkar zaintzeko. Molinaren bizitzaren motorra amodioa zen, Arregirena askatasuna. Errepresioa hauen kartzela.

Kartzelako barrek gero eta armiarma sare estuago bat sortu zuten. Molina libre atera zen egunean, Arregik enkargu bat egin zion. Mesede bat. Molinak maitasunez itsututa, Arregiren agindua betetzera joan zen.

Jendez betetako plaza. Erlojuaren tik-tak soinuak Molinaren bihotz taupadekin bat egin zuen. Telefono kabina bakarra plaza erdian. Molinaren ardura, dei bat egitea. Urduri telefonoa hartu eta … PAM!! Tiro bat. Mundua gelditu egin zen orduan, Molina bakarrik sentitu zen, isolatuta, hotz.. Armiarma saretik ihes egin zuen begiak betirako itxiz, Arregi beste bizitza batean ikusiko ote zuen amestuz.

(Kiss of a spider-woman istorioaren moldaketa – Manuel Puig)
-@naiara_glez-

iruzkinik ez: