...hilabete
batez; bertan, Txilen, Perun, eman du denbora, aisia, merezi zuen
oporraldia. Ahizpa bisitatzea asmoa, bazter berriez blai geratzea
hurrengo pausoa. Gure, mendebaldarron begiez joan, beraien,
hegoamerikarren begiekin topo egin eta, seguruenez, beste begirada
batez itzuliko da. Munduaren energi-gune omen den Matxupitxura igo,
korritu, aluzinatu... inka horiek pitzatuta zeuden! Gogoeta. Nola
liteke hemen Andeen gailurrean bizitzea? Zenbat eta gorago, argiago!
-dio, edo zioen, Urbiara iristean paratutako lelo batek. Inka
herriak, noski, gauza bera pentsatuko zuen, bere handitasunean. Dena
da berria, dena da bitxia, dena da gogoeta-gai, seguruenez
berarentzat. Buru mendebaldar kontsumista hau motxilatzat, pertsonaia
mitikoekin nahastuta, (Diarios de una motocicleta,) Txe bere
lagunarekin hor bertan egon zenean egindako galdera gogoan: eta
harresi perfektu hau, norena da? hau Inka herriarena da, erantzun dio
indiarrak. Eta beste hau, hain kaxkarra? incapaz-ena da...
seguru nago burura etorriko zitzaiola hango harresiak ikustean. Ez du
astirik izango urtezaharra han ospatzeko, ez du izango astirik hemen
urteberria ospatzeko; airetik airera harrapatuko du hegaldiak, mila
ideia, bizipen, irudi, sentsazioren anabasan murgilduta. Ganbara
aldatuko zitzaion? Baietz esango nuke!
-Edu Zabala-
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina