Esnatu naiz. Kostata, aitortzen dut, baina lortu dut eskua mantapetik atera eta iratzargailu madarikatua isilaraztea. Hari ez zaizkio goizak gogorrak egiten, antza.
Esnatu naiz, gaua ametsetan igaro ondoren. Ezin esan gozoak ala mikatzak ziren, apenas oroitzen baititut. Lausoturik oroitzen ditut irudiak, eta begiak zabaltzea lortu ahala, orduan eta urrunago doaz oroitzapen horiek. Nigandik ihesi dabiltzala dirudi, nire buruan egon izanaz lotsatuko balira bezala. Nirekin gaua igarotzeaz damu bailiran…
Esnatu naiz, eta pentsamendu horiek buruan nituela pertsianak ireki ditut. Behelainoa. Besterik ez dut ikusi. “Hara! Horra hor gure errealitatea!”, pentsatu dut neurekiko.
Bizitza behelaino iraunkor baten modukoa baita. Trinkoagoa da batzuetan, eta arinagoa bestetan. Noizbehinka eguzki printza batzuek lortzen dute zeharkatzea, baina nolanahi ere, bestaldean dagoena ikustea oztopatzen digu. Begiak atera beharrean jarrita ere, ezin ikusi hamar metroz haratago dagoena.
Berdin gertatzen da bizitzarekin. Etengabe etorkizuna antolatzen ari bagara ere, ezin jakin biharamunean gertatuko dena. Eta behelainoarekin gertatzen den bezala, aurrera egin baino ez da geratzen bestaldean zer dagoen jakiteko. Bestaldean laino gehiago aurkituko badugu ere…
-Maialen Igartua (@MaialenIgartua)-
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina